Euskal Herriko sortzaileentzako beste sei sari sortu dituzte Seriesland jaialdian

Bilboko websailen jaialdia azaroaren 6tik 8ra egingo dute. Lehen, euskal websailik onena bakarrik saritzen zuten. Aurten, haur eta gazteentzako telesail, dokumental, telebistako saio, antzezle, eduki eta euskal sortzaile digitalik onenak sarituko dituzte.

Bilboko 11. Seriesland websailen jaialdiaren aurkezpena, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko 11. Seriesland websailen jaialdiaren aurkezpena, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko urriaren 28a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko ikus-entzunezko sektoreari aitortza egiteko asmoa du aurten Seriesland nazioarteko websailen jaialdiak. Bilbon egingo dute, azaroaren 6tik 8ra. Nazioarteko askotariko websailak ikusi ahalko dira egun horietan. Baina sortu berri dituzten sariak dira berritasun nabarmenenak: orain arte euskal websailik onena soilik saritzen zuten. Aurten, haur eta gazteentzako telesail, dokumental, telebistako saio, antzezle, eduki eta euskal sortzaile digitalik onenak sarituko dituzte.

Horrez gain, euskarazko hainbat lan proiektatuko dituzte azaroaren 7an Bilboko Golem-Alhondiga zinema aretoetan: Go!azen 12 telesailaren aurrestreinaldia egingo dute, Mari sorgin ehiztari telesailaren (Makusi) Gau Beltzeko atal berezia emango dute, eta Power Up telesailaren (Makusi) hirugarren denboraldiko lehen atala estreinatuko dute. Hiru emanaldi horiek 19:00etan izango dira. Helduentzako emanaldi berezia, berriz, 21:00etan izango da, eta hor estreinatuko dute Fetitxe telesaila. Eneritz Garcia eta Alazne Astorga aktore protagonistak bertan izango dira. Jaialdiaren aurkezpenean izan da gaur Garcia bera ere, Azkuna zentroan, antolatzaileekin batera. Iragarri dutenez, fikziozko lanak «kutsu lizuna eta ganberroa» du.

Eneritz Garcia Fetitxe websaileko aktore protagonista
Eneritz Garcia 'Fetitxe' euskarazko websail berriko aktore protagonista. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Rose of Dolls jaialdiko zuzendariak nabarmendu du ikus-entzule gazteengana gerturatzen jarraitu nahi dutela: «Ezin ditugu begi bistatik galdu eduki digital berriak, munduan barna egiten direnak. Baina begirada jarri nahi dugu gaur egungo euskal ekoizpenetan. Sektorea bor-bor dago, eta bat egin nahi dugu telesailak eta eduki digital berriak kontsumitzen dituzten gazteekin».

'Influencer' onenaren hautagaiak

Saio guztietako sarrera libre izango da azaroaren 6an, Bilborock aretoan. Hurrengo eguneko emanaldiak, Golem-Alhondigakoak, doakoak izango dira, baina aldez aurretik leihatilara joan beharko da sarrera hartzeko. Azken egunerako, Guggenheim museoko galarako eta sari banaketarako, gonbidapenak eskuratu beharko dira jaialdiaren webgunean. Ekitaldi horretan, gainera, Kai Nakaik kontzertua emango du.

Euskal Herriko influencer onena sarituko dute aurreneko aldiz jaialdian, eta hautagaiak honako hauek izango dira: Iban Garcia, Beñat Olea, Alex Etxegibel, Ane Lindane, Telmo Trenado, Kai Nakai, Oscar Alonso, Naty Penadas, Eleder Iglesias eta Bocabeats comedia.

Hauek dira haur eta gazteentzako euskal telesailik onenaren sarirako hautagaiak: Ameslariaren banda, Loa eta Laia, Go!azen eta Irabazi arte. Laboral Kutxa Euskal Telesailik Onenaren hautagaiak, berriz, hauek: Desagertuta, Zeru ahoak, Su majestad eta Itsatsita berriz. Eta euskal dokumentalik onenaren sarirako, Ardi beltzak, Glaziarrak agurtzen eta Lurraren ahotsak izendatu dituzte. Aktore onenaren saria irabazteko aukera izan dezakete honako hauek: Jon Lukas (Desagertuta), Nerea Elizalde (Go!azen 11), Sua Enparantza (Irabazi arte 4), Nerea Sanz (Mari Sorgin Ehiztari), Leire Martinez (Itsatsita berriz), Marina Ostolaza (Power Up) eta Anna Castillo (Su majestad) aktoreek. Euskal Edukirik Onena saria ere sortu dute, eta finalistak Kalaxka, Intimitatean, Argizaiola eta Potx eta Lotx saioak dira.

Jaialdiaren barne, bestalde, azaroaren 7an sektore profesionalarentzako jardunaldi bat egingo dute Azkuna zentroan. Bertan, finantzaketarako gakoak aztertuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.