Euskal hiztunen kopuruaz ariko dira gaur 'Tribuaren berbak' saioan

Datu bilketa egiteko askotariko iturrietara joko dute Izaro Arruti Agirreurretak eta Kike Amonarriz Gorriak.

Arantxa Iraola, Nerea Azurmendi eta Oihana Teyseyre, 'Tribuaren berbak' saioan. ORIO PRODUKZIOAK
Arantxa Iraola, Nerea Azurmendi eta Oihana Teyseyre, 'Tribuaren berbak' saioan. ORIO PRODUKZIOAK
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zenbat gara euskaraz hitz egiten dakigunak?». Galdera hori ezin liteke erantzun iturri bakarrera jota. Horregatik, batera eta bestera ibiliko dira gaur gauean ETB1eko Tribuaren berbak saioan erantzunen bila.

Daturik osatuenak Inkesta Soziolinguistikoak ematen ditu —bost urtean behin egiten da—, baina inkesta horretan 16 urtetik gorako biztanleak soilik hartzen dira aintzat. 2 edo 3 urtetik gorakoen datuak erroldetan lor daitezke, baina Hego Euskal Herrian bakarrik. Hori dela eta, maiz, askotariko datuak erabili izan dira euskaldunen kopurua zehaztean. Euskal Herri osoko hiztunen kopurua lortzen saiatuko dira ETBko saioan, baita atzerrian dauden euskaldunak kontabilizatzen ere.

Hasteko, Izaro Arruti Agirreurreta kalera aterako da, eta jendeari galdetuko dio ea beraien ustez zer den euskalduna izatea eta zenbat diren euskaldunak. Era guztietako erantzunak jasoko ditu.

Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuko zuzendariarekin eta Iñaki Iurrebaso soziologo eta UEMAko ikerketa arduradunarekin elkartuko da Kike Amonarriz Gorria. Lehenbizi, Inkesta Soziolinguistikoak ematen dituen datuak aztertuko dituzte. Datu horien arabera, azalduko dute zenbat diren Euskal Herri osoko 16 urtetik gorako euskaldunak; hau da, zenbat diren euskaraz ulertzeko eta mintzatzeko gai. Euskaldunenak haurrak eta gazteak dira, eta hori horrela izatea ez da batere ohikoa hizkuntza gutxituetan. Bestalde, gaur egun, gehiago dira erdaraz hobeto moldatzen diren hiztunak, euskaraz hobeto moldatzen direnak baino. Hala diote datuek, behintzat.

Jabi Arakama Nafarroako Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak azalduko du Nafarroan zenbat diren 3 urtetik gorako euskaldunak, erroldaren arabera. Zehaztuko du alde handiak daudela Euskararen Legeak Nafarroan ezarritako eremuen artean. Euskaldunen kopuruan izan den gorakada batez ere eremu mistoan gertatu da (Iruñerria, Lizarra, Tafalla, Zangoza…). Datu horiek hobetzeko Nafarroan zertan ari diren ere azalduko du.

Ipar Euskal Herriko datuak, berriz, Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek emango dituzte: Ttitto Betbeder zuzendariak eta Amande Anin Ebaluazio Misioko arduradunak adieraziko dute ez dutela 16 urtetik beherako hiztunen inguruko datu zehatzik. Baina, Inkesta Soziolinguistikoaren datuak hartuta, eta jakinik gaur egun 15.000 ikasle inguru dabiltzala eredu elebidunean edo murgiltze ereduan, Iparraldean 3 urtetik gorako zenbat euskaldun dauden ondorioztatuko dute. Horrekin batera, azalduko dute nolako hiztunak diren —zaharrenak eta gazteenak dira euskaldunenak—, baita euskaldunen kopurua handitzeko aurrera daramatzaten ildo nagusiak zein diren ere.

Datuak interpretatzen Iraola eta Teyseyre kazetariekin

Arruti Agirreurreta Donostiako Irakasle Eskolara joango da, bertako ikasleen hizkuntza tipologiak ezagutzera. Hiru kazetarirekin solasaldi bat egingo dute gero: BERRIAko Arantxa Iraola, Ipar Euskal Herriko Hitza-ko Oihana Teyseyre eta Nerea Azurmendi (erretiroa hartua du). Datuak interpretatuko dituzte, eta nabarmendu ñabardurak egin behar direla datu kuantitatiboak interpretatzean, eta alderdi kualitatiboari ere erreparatu behar zaiola. Kazetari horien arabera, hiztun aktiboa izateko ez da nahikoa euskaraz jakitea: oztopo asko daude euskaraz bizi ahal izateko, eta oso aintzat hartu behar da hiztunak non bizi diren eta zer baldintza dituzten euskara erabiltzeko.

Euskaldunen kopurua handitzeko bide nagusiak familia transmisioa, eskola eta helduen euskalduntzea dira. Arruti Agirreurreta Hendaiako (Lapurdi) AEK-ko euskaltegira joango da, bertako ikasleekin hitz egitera, zein tipologiatakoak diren jakitera eta euskara ikasteko dituzten motibazioez galdetzera.

Datu bilketa amaitzeko, Etxepare Institutuko zuzendari Irene Larrazarekin hitz egingo dute, jakiteko zenbat euskaldun dauden munduan zehar barreiaturik. Horien artean jatorri anitzetako pertsonak daude: diaspora historikoko partaideak eta haien haurrak, Euskal Herrian jaiotakoak eta kanpoan bizi direnak, edo euskara ikasteko interesa duten atzerritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.