Euskal Irratiak Baionako Patxa plazatik ariko dira gaur eta bihar

Aimar Lopezek eta Esteban Bastiek gidatuko dituzte emankizun bereziak, 11:00etatik 13:00etara.

Euskal Irratien emankizun bat, Baionan, 2022ko uztailaren 29an. GUILLAUME FAUVEAU
Euskal Irratien emankizun bat, Baionan, 2022ko uztailaren 29an. GUILLAUME FAUVEAU
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Baionako bestak hasi dira, eta Euskal Irratiek —Gure Irratiak, Antxeta Irratiak, Irulegiko Irratiak eta Xiberoko Botzak— jaien kontakizun berezia egingo dute egunotan. Gaur eta bihar zuzeneko emankizunak eginen dituzte, 11:00etatik 13:00etara, Baiona txikiko Patxa plazatik. Saioen gidari nagusiak Aimar Lopez eta Esteban Bastie izango dira.

Gonbidatu ugari eramango dituzte saio horietara. Tartean, Baionako Ikastolen Lagunak elkarteko ordezkariak, Karrikaldi gunearen antolatzaileak, Laborarien gunekoak, Idoki sareko Pantxika Arranbide, Patxokiko gosariez arduratzen direnak, Tristan Murgi kantaria, Baionako herriko etxeko logistikan lan egiten duen ordezkari bat, Itaia eta Sutan talde feministetako kideak eta Lukas Hiriart besta alternatiboen antolatzailea —Patxa plazako eta gaztetxeko ekitaldiez arduratzen da—.

Atzo arratsaldean hasi ziren Lapurdiko hiriburuko bestak. Beste urte batzuetan, ETBk zuzeneko emanaldi berezia egin izan du jaien hasieraren inguruan, baina aurten ez du halakorik egin, eta albistegietan ematen ari da jaien berri. Hego Euskal Herriko hiriburuetako jaien hasierak zuzenean emango ditu ETBk; Iruñeko sanferminetako txupinazoak azkeneko hamabi urteetako ikusle daturik onena lortu zuen ETB1en joan den igandean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.