Festa piztu zen atzo Iruñean, eta sanferminetako txupinazoa herritar ugarik ikusi zuten telebistaz. Hain zuzen ere, txupinazoaren zuzeneko emanaldiak azken hamabi urteotako daturik onena lortu zuen ETB1en: Euskal Autonomia Erkidegoan %11,1eko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %28,8koa—. Nafarroan, berriz, euskaldunen artean %12,6ko kuota bereganatu zuen ETB1eko zuzeneko saioak.
La1 kateak gaztelaniaz eman zuen txupinazoa, ohiko moduan, eta ikusle gehiago bereganatu zituen ETB1ekoak baino: EAEn %25,9ko ikusle kuota lortu zuen TVEko emankizunak. Hori izan zen, gainera, igande osoan kuotarik handiena bereganatu zuen saioa.
ETBk eta TVEk programazio berezia prestatu dute egunotarako sanferminen berri emateko. ETB1ek entzierroak emango ditu goizero zuzenean —gaur eman du aurrenekoa—, eta Nerea Reparaz kazetaria ariko da kontalari. Bestelako saioak ere egingo dituzte sanferminen bueltan ETBn.
Estropadak, ETB2n euskaraz
Sanferminetako txupinazoaren emanaldiak eragina izan zuen eguneko beste kirol emanaldi batzuetan: estropadak ETB2 katean eman zituzten, ETB1en eman beharrean —ohiko moduan, euskaraz—. Eta ETB2 katean emankizuna euskaraz eginda ere, ikusle datu onak bereganatu zituzten estropadek: Sestaoko (Bizkaia) Euskotren Ligako estropadak %8,7ko ikusle kuota lortu zuen, eta Eusko Label Ligako estropadak, %9,7koa.
ETB2 kateko Teleberri-k ere ikusle asko izan zituen igandean: 15:00etakoak, %20,3ko kuota, eta 21:00etakoak, %17,4koa.
Atzo gauean, bestalde, ETB1ek Erromerian saioaren bigarren denboraldia estreinatu zuen: Izabako (Nafarroa) atalak %2,6ko kuota lortu zuen, eta Bermeokoak (Bizkaia), %2,4koa.

Igande osoko batezbestekoari begiratuz gero, ETB1ek %3,4ko kuota lortu zuen —izan ohi duen batezbestekotik nabarmen gora—; ETB2k %7,8ko kuota izan zuen —horrenbestez, euskarazko kirol emankizunek datu hobea izan zuten eguneko batezbestekoa baino—; eta EAEn igandean gehien ikusi zen telebista katea La1 izan zen: %11,9ko ikusle kuota.
Denboraldi osoko datuak
Geca aholkularitza agentziak telebistako datuen balantzea argitaratu du, Kantar Media enpresaren datuetan oinarrituta. Horren arabera, ETB1ek 2024-2025eko denboraldian %2ko batez besteko ikusle kuota izan du EAEn —aurreko denboraldian baino hamarren bat txikiagoa—. ETB3 kateak %2ko kuota lortu du, aurreko denboraldian baino hamarren bat handiagoa. ETB2 kateak, berriz, %8,3ko kuota lortu du, aurreko urtean bezala.
Katalunian, TV3 katalanezko katea izan da liderra: %14,1eko kuota bereganatu du, aurreko denboraldian baino bi hamarren gehiago. Galizian, TVGk puntu bat galdu du, eta %8,5ko batez besteko kuota izan du. Valentzian, A Punt kateak zortzi hamarren egin du gora.