Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa gaur hasiko da, Hazparnen (Lapurdi), Mendeala gelan, 17:00etan. Irratiz zuzenean saioa osorik entzuteko modua izango da, Iparraldeko Euskal Irratiek oso-osorik emango baitute —Antxeta Irratia, Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Amikuzeko irratia eta Xiberoko Botza—. Lehenengo faseko aurreneko saioa izango da hori. Eta Interneten munduko edozein txokotan entzuteko aukera ere emango dute Euskal Irratiek, beren webgunearen bitartez.
Kantuan lehen saio horretan Eki Mateorena Zozaia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Miren Artetxe Sarasola, Peru Abarrategi Sarrionandia, Unai Anda Delika eta Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolariak ariko dira. Gai jartzaile lanetan Aritz Bidegain Aire ariko da.
BERRIAko kazetariek saioaren kronika egingo dute. Eta bihar Hazparnen gertatutako guztiaz ariko dira ETB1eko Hitzetik hortzera saioan ere.