Tokiko kirolaren sare soziala da Matx, euskarazkoa. Eta aurrerapausoak ematen ari da azkeneko hilabeteetan. Etzi, berriz, euskal kirolarien «beste aldea» erakutsiko duen podcast bat jarriko dute abian. Matx izena izango du podcastak ere.
Basque Team fundazioaren laguntza izango dute podcasta egiteko, eta gehienetan ezohiko elkarrizketak egingo dituzte; kirolaz hitz egingo badute ere, protagonistaren «beste aldea» ezagutzeko helburua izango du saioak.
Aratz Losadak aurkeztuko du podcasta. Lehen ataleko gonbidatua Mikel Linazisoro eskalatzailea izango da. «Dagoeneko grabaketa batzuk egin ditugu, eta oso gustura ari gara kirolariekin», azaldu du Losadak. «Elkarrizketatuak asko ireki zaizkigu. Haien alde intimoa, saltseroa eta gertukoa erakutsi nahi dugu podcastean». Baina horrek ez du esan nahi sakon jarriko ez direnik. «Serio jarriko gara, gai sakonak landuko ditugu, eta, noski, gure izaera ganberroari eutsiz, batzuetan jolasean edo estuasunen batean jarriko ditugu gonbidatuak».
Podcastaren lehen denboraldiak sei atal izango ditu. Entzuteaz gain, saioa ikusteko aukera ere egongo da. Bideopodcasta ere bada, beraz.
Atalak www.matx.eus sare sozialean jarriko dituzte inon baino lehen. Era berean, Basque Teameko plataforma digitalek eta Tokikom taldeko hainbat komunikabidek ere emango dituzte atalak webgunean, telebistan eta irratian.