Euskal kultura beratzen

Sarai Roblesek 'Beratzen' bideopodcasta gidatzen du bi astean behin Euskalerria Irratian. Euskal kulturaren gaineko askotariko ertzak lantzen ditu, bi solaskiderekin.

Sarai Robles 'Beratzen' bideopodcastaren aurkezlea, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sarai Robles 'Beratzen' bideopodcastaren aurkezlea, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal kulturaz hausnartzeko eta solastatzeko egitasmo bat jarri du martxan denboraldi honetan Iruñerriko Euskalerria Irratiak: Beratzen bideopodcasta. Sarai Robles bertsolariak aurkezten du saioa —larunbatean Nafarroako txapelketako finalean kantatu zuen—, bi astean behin. Atal bakoitzean, bi solaskide izaten ditu alboan kulturaren bueltako askotariko gaiez hitz egiteko.

«Aurreko ikasturtean kolaborazioak egiten nituen Euskalerria Irratian, bi astean behin», azaldu du Roblesek. Eta ikasturtearen amaieran, irratiko zuzendaritzak proposatu zion kolaborazio horiek podcast formatuan egiteko. «Pozik hartu nuen proposamena, eta podcastaren ideiari buelta batzuk ematen hasi nintzen orduan. Zer gai landuko nituzkeen pentsatzen aritu nintzen, eta horrela sortu da Beratzen».

Euskal kulturari buruzko saio bat da Beratzen. «Baina euskal kultura bere zabalean hartuta», zehaztu du gidariak.«Hasieran literatura izan nahi nuen oinarrian, eta uste dut oraindik ere hor badagoela, baina, atalak egin ahala, lausotu egin da oinarri hori».

Bideopodcastaren aurreneko atalean, Zer da kultura? galdera planteatu zuten, eta solaskideak Sagrario Aleman eta Ion Celestino izan ziren. Bigarrenaren izenburua Jendaurrea zen, eta hartan solasean Eraitz Saez de Egilaz eta Aissa Intxausti aritu ziren. Hirugarrenean, Oihana Arana eta Ibai Osinaga Bidea-z aritu ziren. Eta laugarrenean, Ainara Ieregi eta Iñigo Satrustegi joan ziren Euskalerria Irratiko estudiora, euren gustuko filmez, liburuez eta telesailez hitz egitera.

Robles «pozik» dago halako solaskideen parte hartzea izan duelako. «Luxu handi bat da. Niretzat erreferentea den jendea izan dugu podcastean. Iruditzen zait atalak kapritxora egiten ari naizela, nahi dudan jendea gonbidatuz». Entzule gisa entzun nahiko lituzkeenak izan baititu saioan. «Oso gustura entzun ditut grabatzen aritu garenean esateko dituztenak. Pila bat ari naiz gozatzen. Gerorako kontuak uzten dizkizute gonbidatuek; esate baterako, liburu gomendioak».

Entzuleen iritzi onak

Beratzen bideopodcastean bada mamirik. Eta, Roblesek azaldu duenez, orain arte iritzi onak eman dizkiete entzuleek. «Jendeak nabarmendu dit saioa interesgarria dela, eta arina ere bai». Hortaz, hasierako helburua betetzat du saioko aurkezleak, inguruko jendeak gustukoa duela esan baitio.

Sarai Robles Beratzen bideopodcasteko aurkezlea.
Sarai Robles 'Beratzen' bideopodcastaren aurkezlea, Iruñean, Euskalerria Irratiaren estudioetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Aurkezle lanari dagokionez, Roblesek aitortu du lehen atalean urduriago zegoela. Baina ari dela urduritasun hori uxatzen. «Orain lasaiago nabil. Topatu dut neure burua. Ziur nago etorkizunean atalen batean urduritasuna itzuliko dela, baina egia da eroso nabilela. Irratiko kolaborazioak lehen ere oso gustura egiten nituen». 

Entzun ez ezik, ikusi ere egiten da Beratzen. Roblesek, ordea, ez dio arlo horri garrantzi handirik ematen. Podcastak kontsumitzean, hain zuzen, bera gehiago izaten baita entzutekoa, ikustekoa baino.

Oraingoz Euskalerria Irratian egiten dute Beratzen. Baina podcasta jendaurrean egingo ote lukeen galdetuta, Roblesek ez ditu ate guztiak itxi nahi. Gogoko dituen podcast batzuk egin izan dituzte jendaurrean; kasurako, Ezer ez eta festa. Euskal kulturaren bueltako gaiak lantzen dituen podcastei dagokienez, Roblesek Hiru Damatxo ekoiztetxearen BaDA!bil aipatu du. «Amets Arangurenek aurkezten du podcast hori, eta oso ondo dago. Eta, agian, halako gehiago beharko genituzke euskaraz». Oraingoz, badabil euskal kultura beratzen, Euskalerria Irratiaren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.