Filologo eta soziolinguista izaki, Kike Amonarrizek (Tolosa, Gipuzkoa, 1961) euskararekin ondo pasatzeko sistemak aurkitzea izan du betidanik kezka eta afizio. Txiste kontalari gisa egin zituen lehen urratsak ETBn. 2006. urtetik, Mihiluze lehiaketan gauzatu du euskararekin jolasteko grina hori. Zortzi denboraldi, 1.117 saio eta 2.400 lehiakide inguru platotik igaro ostean, maiatzaren 15ean azken saioa emango dute. Indartsua izango da oso Biba Mihiluze: lehiakide bereziak eta ikus-entzuleentzako sariak izango ditu.
Zergatik erabaki duzue saioa amaitzea?
Azkenengo urteetan apaltze bat egon da ikusle datuetan. Iaz, programarekin jarraitzea erabaki zuten, eta barne moldaketa handiak egin genizkion. Saioak ikasturte osoa egin du. Bukatzekotan, Mihiluze indartsu eta duin amaitzea nahi genuen, bukaera garbi batekin. Pena handia ematen digu, baina oso harro gaude eginiko ibilbide oparoaz.
Nolakoa izango da amaitzeko saioa?
Agur festa handi bat izango da, ordu eta erdiko saioa. Realeko Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez; Goenkale-ko Miren Gaztañaga eta Maitena Salinas, eta Abel Barriola eta Inaxio Perurena bikoteak lehiatuko dira. Egun horretako zakua eta aurrekoetan pilatutakoa ikusleentzat izango da Biba Mihiluze-n. Asteartetik aurrera, Eitb.com atarian finalerazein bikote iritsiko den asmatu beharko dute, eta asmatzaileen artean zakua zozketatuko dugu. Urte hauetako fideltasuna saritu nahi dugu. Gonbidatu gehiago ere izango dira: Aitziber Garmendia, Asier Hormaza eta Sara Cozar aktoreek jinkanan lagunduko dituzte. Zortzi urte hauetako unerik berezienak gogoratuko ditugu. Mihiluze nola egiten den ikusiko da, eta historiaren errepasoa egingo dugu.
Zortzi urte horietan ekarpena egin diozue euskarari.
Euskararen alderdi ludikoa eta jolasgarritasunaren inguruko gure pasioa, ilusioa eta kezkak islatu ditugu saioan. Gure euskararekin jolas egiteko hamaika modu bazeudela erakutsi nahi genuen, euskararen koloreak ikaragarri aberatsak zirela, eta horrekin egunero jolastu nahi genuen. Ez modu pedagogiko batean, modu jolasti batean baizik. Uste dut lortu dugula. Gure inguruko errealitatearekin ere jolastu nahi izan dugu; kulturala, soziala, kirolekoa. Horrek gertutasun bat sortu du ikus-entzulearekiko, eta jende askorentzat gai eta galdera asko ezustekoak izan dira. Maila horretan jakin-mina piztu dugu.
Gainera, telebistatik at ere bidea egin du Mihiluze-k.
Telebistako saiotik mahai jokoak atera dira, eta webgunean jarri ditugu. Udako ikastaro bat egin genuen, jokoak irakaskuntzan egin zezakeen ekarpenari buruz. Katalunian lau denboraldi egin ditu Mihiluze-ren ahizpa txikiak, Bocamoll bertsioak. Urte hauetan guztietan pila bat izan dira festetan eta herri txikietan egin diren Mihiluze-ak. Mihiluzetasunak telebistaren muga gainditu duela frogatzen du horrek. Euskararekin eta gure kulturarekin jolasteko modu horiek hor iraungo dute.
Nola neur daiteke hizkuntzaren jolasgarritasuna?
Hizkuntza bakoitzari gakoa bilatu behar zaio. Euskarak berak jolasteko zer-nolako heldulekuak dituen aztertu behar da. Euskalkiak eta tokian tokiko izenen inguruan duen aniztasuna eta aberastasuna oso hizkuntza gutxik dute, eta horri zukua atera behar zaio. Hizkuntza deklinatua izateak oztopo batzuk sortzen ditu, baina beste batzuetan sekulako pagotxa da. Lehenengo zazpi denboraldietan bertsolaritza erabili dugu Potokumeak proba egiteko. Bilaketa hori da interesantea, eta hizkuntza guztietan dago. Azkenean hizkuntza aldatzen doa, eta jolasteko aukerak infinituak dira.
Filologo eta soziolinguista moduan saioak gauza asko aztertzeko parada emango zizun.
Proportzionalki Araban ikus-entzuleak irabazten joan gara. Zortzi urtetan progresio bat nabaritu dugu:euskaldun gehiago dago, euskararekiko hurbiltasuna irabazi dugu. Ingururik erdaldunenetarako bidea zabaldu zaigu, adin gazteetara iritsi gara adin zaharretakoak galdu gabe, eta belaunaldien arteko eten hori gainditu dugu. Euskaldun berrien artean parte hartzeko beldurra kentzen joan da, ikusi dutelako nahiz eta euskara oso ondo jakin ez jolas daitekeela. Euskararen ezagupena zabaldu da.
Telebista hizkuntza ikasteko tresna baliagarria dela erakutsi duzue. Alor horretan nahikoa egiten dela uste al duzu?
Etekin gehiago atera dakioke telebistari. Dezente gehiago landu beharko litzateke hori, ez bakarrik ETB1en, baita ETB2ri begira ere. Azken ikerketek euskararen erabilera gelditu egin dela erakusten dute, eta horretan EITBk ezinbesteko rola du.
Komunikazioa. Kike Amonarriz. 'Mihiluze' saioko zuzendaria
«Euskararekin jolasteko hamaika modu badaudela erakutsi dugu»
Tristetuta, baina egindako ibilbideaz harro eta kontent dago Kike Amonarriz. 'Mihiluze' maiatzaren 15ean amaituko dute, «indartsu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu