Kalean ez da giro, eta etxe ondoko kafetegi batean epelago egoten da. Idatziak ditu garai bateko kontu ugari, baina gogoratzen hasiz gero, ñabardura guztiekin kontatzen ditu Joxe Mari Iriondok (Azpeitia, Gipuzkoa, 1938). Loiolako Herri Irratian sekulako lana egin zuen euskarazko saioetan, Francisco Francoren diktaduraren urteetan. Bertso saioak eta trikitikoak, baita euskal musikarien pizkundekoak ere, halako makina bat grabatu zuen bere garaian. TVEn ere aritu zen. Eta EITBn, albistegietan eta ardura postuetan. 2003an erretiroa hartu zuen arren, ez dio idazteari utzi. Euskal kulturaren azken zazpi hamarkadetako entziklopedia hiztuna da Iriondo.
Nola piztu zitzaizun haurtzaroan bertsotarako, irratirako eta musikarako zaletasuna?
Bertsoen lilura umetan sortu zitzaidan. Irratia lehen aldiz 8-9 urte nituela entzun nuen. Nire ama nik urtebete eta 25 egun nituela hil zen. Amonaren etxera eraman ninduten, baina urtero Urrestillara [Azpeitia, Gipuzkoa] ekartzen ninduten Gabonetan eta sanjoanetan. Larrañaga baserrian jaio ginen senide guztiok. Eguberri batzuetan, Telefunken irrati aparatu handi bat erosi zuten gurean. Errezilen, baserri bat azpian hartu zuen luizi batek, eta hori ari ziren kontatzen irratian Basarri, Joxe Arretxe, Maria Dolores Agirre. Euskaraz ari ziren, eta ni harrituta ea aparatu hartan nola sar zitezkeen haiek guztiak. Gau hartan jaiki nintzen, lo ezin egin, eta lau pertsona nola sar zitezkeen han. Irratiko estudio bat ez nuen ezagutu soldaduskara joan nintzen arte.
Marokon egin zenuen soldaduska, ezta?
Bai, Sidi Ifnin. Denbora-pasa joaten nintzen hango irrati estudiora. Gure konpainiako tenientearen alaba aritzen zen irrati hartan.
Horren aurretik ikasi zenuen, ordea, gaztelaniaz.
Umetan behin baino gehiagotan entzun nuen udaletxean-eta «Habla cristiano!» esaten zietela. Eta erdara ikasi beharko nuela ikusi nuen, bestela mundu guztiak Habla cristiano esango zidalako. Arabara joan nintzen, Angostora, eta han ikasi nuen gaztelaniaz. Ondotik, Gabiriara [Gipuzkoa] joan nintzen ikastera, egoiliar, pasiotarren eskolara. Han lau urte egin nituen. Gero, Deustun eta Euban [Zornotza, Bizkaia] egin nituen ikasketak. 15 urterekin ikasi nuen erdaraz; aurretik, bizitza osoa euskara hutsean egina nuen.
Noiz joan zinen aurrenekoz bertso saio batera?
Azpeitiko Aratz-Erreka auzoan, jaiak sanisidroak izaten dira, eta festa haietan sakristauko bi balkoitan bertsotan aritu ziren Eusebio Eizmendi Txapel eta Joxe Lizaso. Ehun bat lagun ginen entzuten. Harrituta gelditu nintzen nola ari ziren bata besteari erantzuten. Halako batean, Lizaso gazteak bota zion: «Kontua jarri behar diot aitona zahartxu honi». Eta Txapelek erantzun zion «Aitona zahartxu honek izorratuko hau hi». Hurrengo egunean, lagunak bertsotan hasi ginen, batek puntua jarri eta besteak erantzun. 8 urte inguru izango nituen.
Gabiriako ikasketak garrantzitsuak izan ziren?
1953ko azaroaren 27an eraman ninduten hara, trenez. Han ikasi nituen gipuzkera eta bizkaiera aditz osatuak. Irakurri egiten genuen asko. Astero artikulu bat idatzi behar izaten genuen. Eta 14 urte nituela, sari bat irabazi nuen ipuintxo batekin, Noiz amatxo? izenekoa, Euzko Gogoa-n publikatu zena. Mendi ibilera asko egiten genituen. Arantzazura ere urtero joaten ginen. Bueltan ditxoka ari ginen, eta Koldo Sarasola irakasleak azaldu zidan silabak hatzekin kontatzen zirela. Gordeta dauzkat ordu hartako kopla batzuk.
Loiolako Herri Irratian nola hasi zinen?
Soldaduskakoa luze egin zitzaidan, baina ordurako banku batean lana egiteko prestatua nintzen. Euskal Herrira itzultzean, etxekoek esan zidaten irrati bat ireki behar omen zutela Loiolan, eta berehala hasi nintzen irratiko fonotekan lanean. Merkataritzako peritu ikasketak eginak nituen, eta 1961ean irratiko administrazioan jarri ninduten lanean. Astean bi egunetan, Imanol Eliasek gidoi bat idazten zuen irratirako: Andre gizonak. Ez zioten ordaindu egiten, nonbait, eta egun batean esan zuen ez zuela segitu nahi.
Juan Lekuona Urrutia tolosarra zen orduko zuzendaria, eta esan zidan ea animatuko nintzatekeen gidoi horiek idaztera —Karmelo Otaegik eta Maritxu Martinezek eszenifikatzen zuten lehenengo urteetan—. Gustatu zitzaidan hura, eta astean bitan idatzi nuen, 1961eko urrian hasi eta 1977ra arte. Beti jai izeneko saio bat ere bazen, baina gaztelaniaz, eta euskaraz egiteko eskatu zidaten. Euskarazko saio horretako edukiak hauek ziren: kanta berri baten aurkezpena, antzez-saio edo ipuin bat, asteburuko kultur agenda eta bertsolari bat bertso batzuk kantatzen. Saio hori astero egin nuen 1961eko azaroan hasi eta 1983ko martxora arte.

Noiz eta nola hasi zinen batera eta bestera bertso saioak eta trikiti jaialdiak grabatzen?
Erabiltzen nuen grabagailua alemana zen, Uher bat. Zortzi kiloko pisua zuen. Kontrabandoan-edo ekarritakoa zen. Zinta irekietan grabatzen genuen, kaseetetan baino kalitate handiagoan. Hor grabatuak dauzkat 1970eko hamarkadako hainbat ikuskizun. Garai hartan zortzi kilo gainean eramatea hutsa iruditzen zitzaidan niri, baina gaur egungo kazetariek... Hura nire gustuko lana zen.
Bertsoak irratiz entzuten zituzten entzule askok.
Hasieran, bertso saioak ezin genituen zuzenean eman, aurkeztu egin behar zirelako gaiak. Antonio Zabala lagun egin nuen 1961ean. Euskaltzaindiak antolatzen zituen bertso txapelketak, eta Zabalari esan nion baimena eskatzeko haiei txapelketako finalerdiak eta finala irratian zuzenean emateko. Lortu genuen baimena 1960ko hamarkadako final haiek emateko. 1962an bertsolari gazteen txapelketa bat antolatzen ere hasi ginen irratian, eta horrek hamar urte iraun zuen. Txapelketa hartan, epaileak entzuleak ziren, eta gutun bidez hautatzen zituzten gogokoenak. Lehen astean 820 gutun baino gehiago jaso genituen; kristorena izan zen.
Eta trikitikoak?
Joxe Mari Bergara jesuitak egindako grabaketa zahar batzuk topatu nituen: Gillermo Aldakur Pikua, Beristain, Migel Sagastume Mago de Urki. Orduan pentsatu nuen trikiti pieza batzuk grabatzen hastea. Gero, Columbia diskoetexean atera ziren bi disko txiki Loiolako Herri Irratian grabatu genituen. Bai bertsoek, bai trikitiek, sekulako arrakasta zuten.
«1965ean Lourdes Iriondoren bost kanta grabatu genituen. Gero, Julian Lekuonarenak eta Benito Lertxundirenak. Eta Mikel Laboaren 'Azken' singlea ere grabatu genuen»
Euskal kantagintzaz ere hitz egin beharko duzu.
1965eko maiatzean, Santakrutz jaiak ziren Aizarnan [Gipuzkoa], eta kantari bat eraman zuten: Lourdes Iriondo. Esan nuen: «Ostras! Hau gure lehengusua da». Hara joan ginen emaztea eta biok. Lourdesek bost kanta abestu zituen, berriak, gitarrarekin. Jaialdia amaituta, Lourdesi esan nion Azpeitira etortzeko gurekin, eta kanta horiek irratian grabatuko genituela. Eromena izan zen.
Lourdes Iriondoren gaineko dokumental bat egin dute, eta Gipuzkoako Urrezko Domina eman diote.
Dominaren ekitaldi hartan esan nuen inoiz ez dela berandu, baina bazen garaia.
1965eko maiatzeko grabaketa haren tankerako gehiago egin zenituzten irratian, ezta?
Julian Lekuonaren bost kanta grabatu genituen. Gero, Benito Lertxundirenak. Mikel Laboarenak, eta Azken singlea gogotik erabili genuen; 1965eko uztailean plazaratu zen single hori, benetan ederra. Urretxindorrak, Xabier Saldias eta haren arreba Olatz eta beste batzuk ere grabatu genituen.
Nolako pizkundea izan zen hura?
Euskararentzat inoiz izan zen garairik aberatsena izan zen 1961 eta 1965 artekoa. Zentsura handia zen, baina horri ihes egiten genion askotan. Zentsura eta autozentsura artean bizi ginen. Gero, ETBra joan nintzenean, Amatiñori galdetu nion zentsuraz, eta esan zidan halakorik ez zela han. Orduan, gero dena libre?
Ez dok amairu taldekoak grabatu izana ez da edozer gauza.
Taldeko sortzaileetakoa izan nintzen. Baga biga higa ikuskizunaren grabaketa galduta egon da urte askoan. Fernando Larruquertek grabatu zuen, galduta-edo egon da, eta azaldu da gero, eta esku onetan dago. Argitara emango ahal da noizbait; mereziko luke.

Martxoaren 27an beteko dira 50 urte 24 Orduak Euskaraz jaialdia Donostian egin zenetik. Berezia izan zen hura?
Oso berezia. Baina zergatik ez zuen 24 Orduak hark jarraipenik izan? Zergatik ez zen segitu dena euskaraz egiten? Euskarak ez zuen dirurik ematen. Herri Irratiak indar handia zuen; baina handiena, Loiolakoak.
TVEn ere aritu zinen euskaraz. Zer gogoratzen duzu?
Telenorten hasi nintzenean, Loiolako Herri Irratian jarraitu nuen. Euskalerria erreportaje saiorako lehen bilera 1975eko abuztuan egin nuen, eta Maximiliano Alonso arduradunak bilera ostean esan zidan arazo existentziala zuela. Galdetu zidan ea hatxea euskaraz marxista den. Nik erantzun nion ea gaztelaniaz hatxea marxista ote zen. Ba, euskaraz gauza bera zela azaldu nion. Franco hil baino hilabete lehenago eman zen lehen saioa euskaraz TVEn. Oraintsu argitara eman da Franco hil eta hilabete batera emititu zela Euskalerria telesaioa, baina hori ez da egia. Justu hilabete lehenago eman zuten.1975etik 1983ko martxora aritu nintzen TVEn.
EITBra joan zinen gero. Presio egin zizuten hara joateko, ezta?
Luis Iriondo eta Amatiño Loiolara etortzen ziren hamabostean behin, ni konbentzitu nahian. Lasai egoteko esaten nien, joango nintzela noizbait.
Euskarazko irratigintzak aurrerapauso handiak eman zituen 1980ko hamarkadan ere.
1981-1982an, Herri Irratia gaizki zebilen diruz. Lakuara joan nintzen, Ramon Labaienekin hitz egitera, eta hark asko defendatu ninduen —Labaien nire arrebaren pretendientea izan zen, baina arrebak kalabazak eman zizkion nonbait—. Tira, asuntoa da Labaien prest zegoela Eusko Irratietan Loiolako Herri Irratia lehen irrati bezala jartzeko, zuen taldearekin eta eskaintzarekin. Pozik joan nintzen Loiolara, baina ostiak eman zizkidaten behetik eta goitik, eta ez zuten hori nahi izan. Besteak beste, horregatik joan nintzen handik. Eta EITBra joan nintzen.
1985ean ETBko zuzendari izendatu zintuzten.
Oso kritikoa naiz gaur egun ETBrekin. Irentsi ezin ditudan gauzak entzuten ditut ETBn.
«Herri Irratia saldu zutenean zergatik ez zuten konpromisoa hartu euskarazko irratsaioak errespetatzeko? Manuel Fraga Iribarnek lortu ez zuena diruak lortu zuen»
EITBko irratietako zuzendari ere izan zinen.
Horretan dimisioa eman nuen. Iñaki Zarraoa EITBko zuzendari nagusiarekin ez nintzen ondo konpondu azkenean, edukietan sartzen zelako. Bi aldiz egin nion desafioa, eta hirugarrenean dimititu nuen.
Herri Irratira itzultzeko tentaziorik izan zenuen?
Bai, baina eskerrak EITBn gelditu nintzen, Loiolako Herri Irratiaren amaiera nolakoa izan zen ikusita. Onda Vascak erosi zuenean, EAJren esku gelditu zen. Salmenta, akaso, ez zegoen gaizki, baina zergatik ez zuten konpromisoa hartu euskarazko irratsaioak errespetatzeko? Gogor salatu nuen hura. Manuel Fraga Iribarne zenak lortu ez zuena diruak lortu zuen.
Euskaltzaindian ere egin dituzu urte asko.
1976an, euskaltzain urgazle izendatu ninduen Luis Villasantek. Gero, ohorezko euskaltzain izendatu ninduten, 2010ean. Nire artxiboaren zati bat kanpo memoria batean gordeta dago, eta Koldo Mitxelena Kulturguneari utziko diot, eta hori bera Euskaltzaindiari. Etxean semeek eta bilobek ere izango dute artxibo hori.
Zer iritzi duzu euskarak gaur egun duen egoeraz?
Latza da. Euskaldungoa igo egin omen da, baina euskararen maila non dago? Etxe aurrean institutu bat daukat, eta atsedenaldietan neska guztiak gaztelaniaz entzuten ditut. Euskarazko prentsan euskara oso txukuna egiten da, erraza eta aberatsa. Hori ere aitortu behar da.
Gaur egungo bertsolaritza jarraitzen duzu?
Ez dut segitzen. Bertsotan oso txukun egiten da, hori hala da. Gai jartzaile urte luzez aritu nintzen, baina gaiekin sufritu egiten nuen.
Afiliatu zara inoiz alderdi politiko batean?
Ni soilik behin afiliatu naiz, ELA sindikatuan. 1976an izan zen hori, COPE Herri Irratietan muturra sartzen hasi zenean. Alderdi politiko batean ez naiz sekula afiliatu, eta ez daukat horren damurik. Baina horrek ordainak ekartzen ditu. Jose Antonio Ardanza lehendakari zela, Eusko Jaurlaritzako euskararen aholku batzordean izan nintzen.
EAJn afiliatu izan bazina, hobeto kontsideratuko zintuzten?
Ziur aski bai, baina ez dut horren damurik. Artikulu batekin akordatu naiz. Telenorten ari ginela, Joxe Mari Oterminek eta biok ikusten genuen baliabiderik gabe egiten genuela aurrera, eta Zeruko Argia-n argitaratu zen Beizaman badagoela hamaika ukuilu Telenorteko estudioak baino dotoreagoak.
Gezurren bat esan al didazu elkarrizketa honetan?
Ez, baina esateko gelditu zaizkit mila. Istorio hauek guztiak idatziak dauzkat, eta horiek gogoratzea ez zait kostatzen.