Euskarazko blog guztiak bildu nahi dituzte 'Blogetan.eus' berrituan

Euskal blogarientzat eta irakurleentzat «erreferentzia gune bat» sortu du Azkue Fundazioak

Iurdana Akasuso Azkue Fundazioko zuzendaria, Blogetan.eus webgunean nabigatzen. BERRIA.
urtzi urkizu
2017ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Euskal blogarientzat eta euskarazko blogen irakurleentzat erreferentzia gune bat sortzeko asmoz, Azkue Fundazioak www.blogetan.eus ataria berritu du. Atariak blogetako edukiak automatikoki biltzen ditu, ordena kronologikoan eta kategoriaka sailkatuta. Lau ezaugarri nagusi ditu atariak: euskal blogarien bilduma izatea, pertsonalizatutako edukiak eskaintzea, blogarien datu basea eta Blogetan lehiaketaren tartea.

Azkue Fundazioko zuzendari Iurdana Akasusok azaldu duenez, erabiltzaileek beren nahien eta interesen arabera jasotzen duten edukia antolatzeko aukera izango dute, gune pribatu baten bidez. «Blogak kategoriaka sailkatuta daude, eta erabiltzaileak aukeraketa egin dezake hainbat filtroren bidez». Akasusok nabarmendu du kategorien atala irekita dagoela, eta etorkizunean ager daitezkeen kategoria berrietara egokitzeko prestatuta dagoela ataria. Kategoriak honako hauek dira: teknologia, kultura, zientzia, politika, aisia eta gizartea. Aldi berean, kategoria bakoitzak hainbat azpikategoria ditu.

«Horrez gain, blogetan.eus berriaren izaera parte hartzailea azpimarratu nahi dugu», esan du Azkue Fundazioko zuzendariak. «Webgunean zerrendatuta dauden blogak edo oraindik erroldatu gabe daudenak proposa ditzakete erabiltzaileek, modu horretan euskarazko blogen bilduma osatuz eta aberastuz». Sare sozialetan bezala, erabiltzaile bakoitzak datu basean dauden blogarietatik nahi dituenak jarraitu ahalko ditu, eta, horrela, hautatutako blogen edukiak jasoko ditu.

Euskal blogarien bilduma atalean, euskaraz aurki daitezkeen blogetako edukia bilduko duen webgune bakarra izatea da Azkueren helburua.

Akasusok uste du ekarpen bat egingo duela fundazioak atari berrituarekin: «Proposamen berritzaile eta balioduna egiten dugula uste dugu, euskarazko blogintzari erdiguneko tokia eskainiz eta irakurleei tresna lagungarria eskura jarriz». Haren iritziz, blogarientzat zein irakurleentzat izan daiteke baliagarria ataria. «Sortzaileei beraien blogen ikusgarritasuna eta irismena hobetzen lagunduko die, irakurleengana iristeko beste leiho bat eskaintzen duelako. Irakurleei dagokionez, euskarazko blogintzak eskain diezaiekeen oparotasuna eta aniztasuna haien eskura jarri nahi diegu».

Atarian, BERRIAren webguneko blogak jaso dituzte: Bixente Serrano Izkoren Nafar periferiatik, Asier Azpilikuetaren Ergeletan ergelenak, Castillo Suarezen Iparraldeko neska, Itxaro Mendizabalen Egunero argitzen duelako, Enekoitz Esnaolaren Lerro batzuk eta Juan Luis Zabalaren Inon izatekotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.