Ez daude ados bikoizketa automatikoarekin

Elhuyarrek bikoizketa automatikoa egiteko Euskal Herriko lehen plataforma sortu du. Hori ikusirik, «bikoizketaren prozesu artistikoa» defendatu du EHBE bikoizleen elkarteak.

Elhuyarren aditu.eus plataforma. BERRIA
Elhuyarren 'aditu.eus' plataforma. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko urriaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHBE Euskal Herriko bikoizleen elkarteak kezkaz hartu du Elhuyarrek bikoizketa automatikoa egiteko sortu duen plataforma. Eztabaida zabalik da.

Ikus-entzunezko lan baten edukia plataformara kargatu, eta klik batean beste hizkuntza batera itzuli eta bikoiztu. Zerbitzu hori eskaintzen du Elhuyarrek, Aditu plataformaren bidez. Euskal Herriko bikoizketa automatikoko lehen plataforma da. Eta sei hizkuntzatan egin daitezke bikoizketak: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Hori ikusita, EHBE elkarteak bere iritzia plazaratu du: «Bikoizketa prozesu artistikoa da, eta aktore profesionalek eta bestelako profesionalen multzo handi batek egiten dute —ekoizleek, programatzaileek, zuzendariek, itzultzaileek, zuzentzaileek, egokitzaileek, areto teknikariek eta postprodukzio teknikariek—. Artistok jatorrizko produktuaren balioari eta kalitateari eustearen alde egiten dugu lan, pertsonaien errealismoa, sinesgarritasuna eta sentimenduak islatuz».

Era berean, euskararen defentsan eta euskararen alde lanean ari direla nabarmendu dute elkarte horretako bikoizleek: «Geure lanaren bidez lortzen da ekoizpen handiko filmak, telesailak, dokumentalak eta bestelako edukiak gure hizkuntzan, euskaraz, kontsumitzea, jatorrizko produktuaren esentziari eta ñabardurei uko egin gabe. Gure gizartean euskara hedatzeko eta sustatzeko ezinbestekoak garela uste dugu».

EHBE elkartekoei iruditzen zaie haien lana ezin dela makina batekin hala nola ordezkatu: «Urte asko daramatzagu lanbide honetan, ikusleei kalitatezko edukia eskaini ahal izateko teknikak eta metodoak garatzen eta zaintzen, eta ez dugu nahi makina batek ordezka gaitzan».

Horregatik guztiagatik, bikoizle elkarteak argi utzi du euskarazko zein beste edozein hizkuntzatako bikoizketa prozesua osatzen duten profesionalak ordezkatzea helburu duen edozein tresna eta teknologiaren aurka dagoela.

Elhuyar: «Biak dira ezinbestekoak»

Adituren bidez, bikoizketa egiteko bi aukera ematen ditu Elhuyarrek: jatorrizko edukian agertzen diren hizlarien ahotsa imitatzen duen sistemaren bidezkoa eta Elhuyarrek dagoeneko sortuak dituen ahotsen bidezkoa. Bi kasuetan, ahotsak automatikoak dira; idatzita dagoena irakurtzeko gai dira sistema horiek.

Itziar Cortes Etxabe Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzaileak nabarmendu du bikoizketa automatikoa egiteko modua ematen duen tresna bat jarri dutela «guztion eskura», eta horrek aukera berriak emango dizkiela ikus-entzunezko arloko profesionalei: «Telebistan, esaterako, elkarrizketak dituen ikus-entzunezko lan batean imitazio bidezko ahots automatikoa erabiltzea. Horrek aukera berriak ematen ditu bai ikus-entzunezkoa produzitu duenarentzat, bai ikus-entzulearentzat, hala nola off-eko ahotsak errepikatu behar ez izatea eta hizlariaren hitz egiteko berezitasunei eustea...». Kasu horretan, ikus-entzuleari edukia «modu berritzailean» aurkezteko baliatuko dute adimen artifiziala.

Elhuyarrek ulertzen du bikoizleek eman duten erantzuna. Jakitun ziren erantzunen bat izango zela. «Mundu mailako iraultza bat da. Hizkuntzan aplikatutako adimen artifiziala hemen dago, eleaniztuna da, eta gure egunerokoan sartzen ari da kasik gu konturatu gabe. Eta horrek sektore profesionaletan eragiten du, baita bikoizketa sektorean ere», dio Cortesek. Eta Elhuyarreko ordezkaria jakitun da bikoizle elkartearen helburua euskal bikoizleen interes profesionalak babestea eta lan baldintzak hobetzea dela. «Baina EHBEren agiriko ideiek irakurketa zabalagoa behar dutela uste dugu. Adimen artifiziala hainbat profesiotan eragiten ari da, eta tresna horiekin batera lan egiten ikasi beharrean gaude». Adibidetzat jarri du Elhuyarren itzulpengintza automatikoa eta profesionala. «Itzulpengintzako teknologiek itzultzaile profesionalei sortzen dizkieten arazoak ere oso presente ditugu. Egoera berri horri aurre egiteko, ematen ditugun zerbitzuen etengabeko eraldaketan murgilduta gaude».

EHBEk dio bikoizleak «ezinbestekoak» direla euskara hedatzeko eta sustatzeko, eta Elhuyarrek ez du zalantzan jartzen hori. «Elhuyar ere konprometitua dago euskararen sustapenarekin, eta bide horretan lan egiten du». Baina Cortesek adierazi du adimen artifiziala eta hizkuntza teknologiak ere euskaraz lantzen dituztela, bestelako hizkuntza «hegemoniko, indartsuago eta handiagoak diren horien pare egoteko». Elhuyarrek «teknologia propioa ikertzeko eta garatzeko konpromisoa» duela adierazi du. «Hala ari gara erraldoi teknologikoek sortzen dituzten produktuen mailan lanean. Eta jokaleku horretan, bikoizketa automatikoa eta profesionala, biak dira orain tresna ezinbestekoak euskara zabaltzeko eta hedatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.