Federico Garcia Lorcari buruzko dokumental berri bat gaur La1 katean

'True crime' formatua erabili dute 'Lorca. Las horas perdidas' saioa osatzeko. RTVEk ekoitzi du, El Rugido Producciones ekoiztetxearekin batera. Dokumental historikoei eskainitako tarte bat zabalduko du TVEk ostiraletan.

Angel Ruiz aktorea, 'Lorca. Las horas perdidas' dokumentalean. RTVE
Angel Ruiz aktorea, 'Lorca. Las horas perdidas' dokumentalean. RTVE
urtzi urkizu
2026ko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abuztuan bete dira 90 urte, 36ko gerra hasi berri zela, Espainiako faxistek Federico Garcia Lorca idazle, poeta eta antzerkigilea fusilatu zutenetik. RTVE irrati-telebista publikoa hainbat emankizun ari da eskaintzen idazlearen inguruan data hura gogoratzeko —haietako batzuk RTVE Play plataforman ikus daitezke—. Gaur gauean, berriz, La1 kateak Lorca. Las horas perdidas dokumental berria estreinatuko du; aurretik, Los archivos secretos del NO-DO saioa emango dute. Larunbatetik aurrera, RTVE Play plataforman ere ikusteko moduan izango da Lorcari buruzko lan berri hori.

Dokumental historikoei eskainitako tarte bat zabalduko du ostiral gauetan TVEk, eta biharkoa izango da ematen duten aurrenekoa. Talde publikoak iragarri duenez, true crime generoaren osagaiak ditu poeta eta antzerkigileari buruzko ikus-entzunezko lan berriak. Baditu sorberritze historiko batzuk, aktoreekin, eta, horietan, Lorcaren rola Angel Ruizek egiten du —pertsonaia bera antzeztu izan du beste ekoizpen batzuetan ere—.

Ikerlari eta adituen hitzak biltzen ditu dokumentalak. Baita kultur arloko askotariko pertsonenak ere. Elkarrizketatuetako batzuk Ian Gibson, Paula Ortiz, Benjamin Prado, Víctor Clavijo eta Israel Fernandez dira.

RTVEk berak ekoitzi du dokumentala, El Rugido Producciones ekoiztetxearekin batera. Espainiako talde publikoak azaldu duenez, dokumentalak «memoria historikoaren eta 36ko gerraren gaineko ikerketa eta kontakizun bat» plazaratu nahi du, «Lorcaren figura ezagutarazteaz gainera».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA