Fermin Zabaltza. Administrazioan Euskaraz taldeko bozeramailea

«Filmak euskaraz ikusteko ohitura galdu dugu»

Zabaltzak proposatu du kuotak sartzea ETBrentzat: gutxienez filmen %50 euskaraz ematea. ETB2n kirol eta musika emanaldien erdiak euskaraz emateko ere eskatu du.

IñIGO URIZ / @FOKU.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun

Fermin Zabaltzak (Iruñea, 1974) zortzi urte daramatza Administrazioan Euskaraz talde euskaltzalean.

 

Urte luzez aritu zarete eskatzen ETB3 Nafarroa osoan ikusteko. Zertan da auzia?

Nafarroako parterik handienean har daiteke ETB3, baina oraindik ezin da ikusi ez mendialdeko zati handi batean, ez Pirinio aldean. Bestalde, ETB3 tokiko lizentzien bidez hartzen da, baina eraikin askotan ez dago antena egokitua. Ondorioz, ez dute ikusterik. Iruñerrian, antena egokitua ez duten eraikinetan, ezin dira hartu ez ETB3, ez Hamaika, ez Xaloa TB.

EH Bilduk esan zuen Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu zuela 2022. urtea amaitu baino lehen ETB3 Nafarroa osoan ikusteko. Hori gauzatuko dela iruditzen zaizu?

EH Bilduri eskertzen diogu aurrekontuen negoziazioan gai hori sartu izana. Ikus-entzunezkoek sekulako garrantzia dute euskararen iraupenerako. Herrialde Katalanetan antzeko borroka bat dute: Reciprocitat Ara! kanpaina. Nahi dute katalanezko kate denak ikusi ahal izatea Herrialde Katalan guztietan: TV3, A Punt eta IB3. ETB3ri dagokionez, ez dakigu Espainiako Gobernuak beteko ote duen. Urtea aurrera doa, eta ez dugu deusen berririk oraingoz.

Nafarroako haurrek pantailetan euskarazko eduki gutxi dituzte aukeran. Zer hausnarketa egiten duzu egoera horri buruz?

Nafarroan eta Euskal Herri guztian, haur askok eskolan bakarrik erabiltzen dute euskara. Horregatik du halako garrantzia pantailetan euskara eskura izateak. Eta esanen nuke eskolan sustatu behar dela, ez egun guztia pantailei begira egotea, baina bai pantailetan euskara entzuteko dagoen aukera. Berriki euskara eskolak eman nizkion haur bati, eta etxean ez zekiten ETB3 bazenik, Euskal Encodings bazenik... Bestalde, zinema aretoen kontua dago: euskarazko filmak hain gutxi direnez, jartzen dituztenetan oharkabean pasatzen dira. Gurasoek ez dakite badenik ere. Hor ere, elkarlana behar da eskolekin. Eraginkorrena zera izan daiteke, ikastetxeek gurasoei zuzenean jakinaraztea euskarazko filmak non dauden ikusgai.

ETBk zenbait urtetan euskaraz eman duen fikzioa aztertu duzu. Zein da ondorioa?

ETB hasieratik ezagutu dugunok badakigu: hasieran, fikzio piloa ematen zuen euskaraz, eta, orain, oro har, dena erdaraz ematen du. Euskara salbuespena da. Argi dago ETB2k eta gaztelania sartzeak eragin dutela hori. Film bat emateko, emisio eskubide batzuk ordaindu behar dira, eta, euskaraz emanez gero, ikusle datu apalak izaten ditu, euskara hizkuntza gutxitua delako eta, 30 urtez, filmak euskaraz ikusteko ohitura galdu dugulako. Emisio eskubide berberak pagatuta, askoz ere ikusle gehiago lortzen dituzu gaztelaniaz emanez gero, gaztelania hizkuntza hegemonikoa baita Hego Euskal Herrian. Gainera, gehienetan gaztelaniara bikoiztuta etortzen dira, eta ez duzu euskaratu beharrik. Baina esan beharra dago azkeneko hori ez dela guztiz egia: ETBk, FORTA telebisten elkartean dagoenez, hainbat eduki gaztelaniara bikoizteko betebeharra du.

Nolakoa izan da fikzioaren bilakaera ETBn?

Lau garai aukeratu ditut artikulu baterako: 1985eko maiatzean, ETBk sei film eta hamabost telesail eman zituen euskaraz; 1990eko maiatzean, hamabi film eta hamar telesail eman zituen gaztelaniaz, eta 11 film eta hamazazpi telesail euskaraz; 2005eko maiatzean, 76 film eta hamahiru telesail eman zituen espainieraz, eta bost film eta lau telesail euskaraz; eta 2022ko maiatzaren 20a, ETBk 40 urte bete zituen eguna, erreferentziatzat hartuta, ETBk 21 film eta bost telesail emanak zituen gaztelaniaz azkeneko 30 egunetan. Euskaraz film bakar bat ere ez, eta Mustangs telesaila baino ez.

Administrazioan Euskaraz taldeko kideek zer proposamen duzue ETBrentzat?

Egun, euskarazko kuotak eskatzen ari dira RTVErako, plataformetarako... Eta irudi du hori izan daitekeela bidea: kuotak eskatzea euskarazko fikziorako, esaterako ETBk gutxienez filmen %50 euskaraz ematea. Beste arlo batzuetan kuotak ezartzea ere onuragarria izanen litzateke ETB1erako: kirolaren %50 ETB2n ematea, euskaraz betiere, edo Oholtzan saioko mariatxi eta dantza txapelketen %50 ETB2n ematea.

Bestalde, Nafarroan badugu Navarra TV katea, pribatua, UPNk eta PSNk diru publikoz ureztatzen dutena. Euskara pixka bat erabiltzen dute, baina argi dago ez dutela horretan interesik, ez Navarra TVk, ez UPNk ez PSNk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.