Filminen kontrako askotariko erreakzioak, dokumental bategatik

'Ícaro: la semana en llamas' dokumentala Espainiako polizia batzuen lekukotzan dago oinarrituta. 2019an Bartzelonan izan zen polizia indarkeria justifikatzen du lanak, askoren iritziz. Nosaltres Nols taldeak pintaketa bat egin du Filminen egoitzan.

'Icaro: la semana en llamas' dokumentala. BERRIA
'Icaro: la semana en llamas' dokumentala. BERRIA
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 21a
09:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare sozialetan, katalan askok Filmin plataformaren aurka jo dute egunotan, eta harpidetza kendu egingo dutela esan dute makina batek. Kontrako erreakzio horien arrazoia da ordainpeko plataformak Ícaro: la semana en llamas (Ikaro: aste bat sutan) jarri duela bere katalogoan. Urtarrilaren 9an estreinatu zuten, eta hilaren 31ra arte egongo da ikusgai. Zenbaiten arabera, lan horrek polizia indarkeria justifikatzen du; hain zuzen ere, Espainiako Poliziak 2019ko udazkenean erabili zuen bortizkeria, Kataluniako prozesuaren sententziaren ostean.

Elena Garcia Cedillo eta Susana Alonso dira dokumental horren zuzendariak. 2022koa da lana, baina orain arte ezin izan da plataformetan ikusi. Lanaren sinopsiak zera dio: «Espainiako Auzitegi Gorenak hamabi buruzagi independentista zigortu zituen 2019ko urrian sedizioagatik eta desobedientziagatik». Manifestazio, protesta eta liskar bortitzak eragin zituen horrek, eta Bartzelonako kaleak, eta Kataluniako beste hiri batzuetakoak, benetako gudu zelai bihurtu ziren». Ordu hartako gertakariak bereziki Poliziaren ikuspuntutik jorratu dituzte. Espainiako hiru polizia elkarrizketatu dituzte orduko gertakariez hitz egin dezaten. Hainbat ikus-entzule katalanek salatu dute lan horretan ez dela aintzat hartzen testuinguru politikoa, eta oso lerratua dagoela Espainiako Poliziaren alde.

Filminen aurkako pintaketa
Filminen aurkako pintaketa, plataformaren egoitzan. JAUME RIPOLL

Filminen egoitzako fatxadan pintaketa bat egin du Nosaltres Nols! talde independentistak. «Filmin: Collaborasionistes amb la repressió Espanyola (Filmin: Espainiako errepresioaren kolaborazionistak)» dio pintaketak. Jaume Ripoll Filmineko sortzaile eta zuzendari editorialak adierazi du ez dutela dokumentala plataformako katalogotik kentzeko asmorik.

Filminen azalpenak

Ripollek agiri bat ere plazaratu du, Filminen izenean, dokumentalak sortu duen ezinegonari erantzuteko: «Filminen jabetzen gara 2019ko urriko gertakariak zauri ireki bat direla Kataluniako gizartearentzat. Horregatik, ulertzen ditugu Icaro: la semana en llamas dokumentalak eragin dituen kritikak eta ezinegona. Gure enpresa Bartzelonan sortu genuen, 2007an, eta badakigu eztabaida hauek ez direla abstraktuak: familiak, lagun taldeak eta lan eremuak zeharkatzen ditu». Ripollek berak dio dokumental hori polizien lekukotzan oinarrituta dagoela. «Obra guztiek bezala, ikuspuntu bat dauka, eta ez du jorratzen gertatutakoaren konplexutasun guztia. Filminen film bat programatzeak ez du esan nahi ikuspegi horrekin bat egiten dugunik. Lan hori ez du Filminek ekoitzi, ezta banatu ere. Epe laburrerako estreinaldi bat da».

Ripollek, era berean, ohartarazi du Filminek ez dituela filmak zentsuratzen bere joera ideologikoarengatik. «Zinemarekin eta dokumental generoarekin konpromisoa dugu, ulermenerako, kontrasterako eta eztabaidarako tresna diren aldetik. Betiere legeak betez. Aniztasuna ez da hitzez adierazi behar: erakutsi egin behar da, 11.000 laneko katalogo zabal batekin». Filmineko ordezkariak gogorarazi du Kataluniako eztabaida politikoarekin oso lotuta dauden lan ugari ikus daitezkeela plataforman; kasurako, L'endema, Cataluña-Espanya, Ciutat morta eta Quatre d'onze, Castell per l'independència.

Filmineko zuzendari editorialak gaineratu du ikusle eta harpidedunen mezuak errespetuz hartzen dituztela. «Pentsatzen eta hobetzen laguntzen digute. Orain garrantzitsua iruditzen zaigu gogoratzea zinemak ez duela balio behar lehendik pentsatzen duguna baieztatzeko, baizik eta aurrez aurre begiratzeko ezinegona eragiten digun horri, espiritu kritikoz».

Icaro la semana en llamas dokumentala
'Ícaro: la semana en llamas' dokumentala.

Plataformaren aurka izan diren erreakzioak ikusita, beste erabiltzaile batzuek babesa adierazi diote Filmini, baita Ripolli ere.

Aldiz, dokumentalaren edukia gogoko dutenak oso gutxi izan dira. Adierazgarria da nork goraipatu eta gomendatu duen dokumentala: Macarena Olona eskuin muturreko Vox alderdiko idazkari nagusi ohiak. «Ikastetxe guztietan nahitaezkoa behar luke dokumental hau emateak», idatzi du sare sozialetan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.