Komunikazioa

'Finlandia' saioa desagertu ostean, 'Kontuz, atsuak!' helduko da ETB1era

Iñake Irastorzak eta Anjel Alkainek 'Wazemank'-eko atsoak berreskuratuko dituzte saio berrirako

Anjel Alkain eta Iñake Irastorza, Kontuz, atsuak! saioko pertsonaiak jokatzen, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Platotik kalera atera da Wazemank-eko talde bat. Zehatzago esanda, Anjel Alkain eta Iñake Irastorza kalean dabiltza egunotan, Kontuz, atsuak! programa berrirako grabaketak egiten, Wazemank-en interpretatzen zituzten bi emakume xelebreen rola jokatzen. Ile-apaindegian sortutako gai jakin baten inguruan, bakoitzak iritzi bat hartuko du, eta jendeari galdetzera joango dira. Gainera, atal guztietan Arantzazura joko dute, Pello Zabalaren iritzia jasotzera.

Zezenketen gaiekin hasi dira, eta Iruñean eta Azpeitian ibiliak dira. Politika munduko pertsonak ere elkarrizketatu dituzte. «Umorezko Salvados moduko bat» egin nahi dutela adierazi du On Time ekoizpen etxeak. Aurreneko atala hilaren 17an emango dute, eta, ezeren okerrik ez bada, udazkenean atal berriak iritsiko dira. Gehienetan, gai polemikoak landuko dituzte.

'Finlandia'-k, bi denboraldi

Finlandia programak, berriz, ez duela jarraipenik izango jakin du BERRIAk. Bi denboraldi egin ditu saio horrek ETB1eko programazioan iazko otsailaren 26tik, estreinatu zutenetik.

Aurreneko denboraldian eta bigarrenaren hasieran, aurkezleak Ainere Tolosa eta Aitziber Garmendia izan ziren. Friends telesailaren Central Park tabernaren antza zuen dekoratu batean, gonbidatu bat edo bi ekartzen zituzten astero. Gonbidatuen alde ezkutua deskubritzen saiatzen ziren, eta, ondotik, taldeko aktoreekin jolasean jartzen zituzten. «Luxuzko produktu bat da. Ikusleekin bat egiteko modu bat izan daiteke, eta ziur nago lortuko duela», adierazi zuen aurkezpenean Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak.

Bigarren denboraldiaren erdialdean, ikusle datuak hobetzeko helburuarekin, aurkezle bikotea aldatu zuten. Hala, apirilean eta maiatzean Edurne Garmendia eta Joseina Etxeberria jarri zituzten aurkezle. Benetako gonbidatuak izan beharrean, fikziozko pertsonaiak izan zituzten gonbidatu moduan; Wazemank-erako imitatzen zituzten pertsonaiak batik bat. Baina aldaketa horrekin ere ez zituzten lortu espero zituzten datuak.

Irastorza-Alkain bikotea

Iñake Irastorza aktorea (Orio, Gipuzkoa, 1955) maiz aritu izan da Anjel Alkainek zuzendutako programetan lanean. Esate baterako, Arregitarrak saioko familian amaren rola jokatzen zuen. 2005/2006 denboraldian hasi ziren baserri giroko familia horren grabaketak egiten. Garai hartan sortutakoak dira, halaber, bi atsoen pertsonaiak. Hartara, Anjel Alkainen eta Iñake Irastorzaren artean kimika ona dute lortua aipatu bi pertsonaiekin. Brinkola telesailean ere, Alkainen taldearekin parte hartu zuen Irastorzak.

Antzerkian, zineman eta telebistan lan ugari egindakoa da Irastorza. Besteak beste, Ione, igo zerura, Aupa Etxebeste!, Obaba, Kutsidazu bidea, Ixabel eta Arriya filmetan parte hartu du.

Esketxek, datu hobeak

Anjel Alkainen aktore eta gidoilari kuadrillak formatu ezberdineko saioak egin ditu azkeneko urteetan Wazemank sortu zenetik (2005). Platoan, Noaua! eta Finlandia egin dituzte; fikzioan, Brinkola, eta Wazemank-en bertsioak ere egin dituzte. ETBko iturrien arabera, esketxek ikusle datu hobeak eman dituzte platoko programek baino. Horregatik erabaki dute Finlandia bertan behera uztea.

Kontuz, atsuak! saioarekin, bestalde, ETBko ikusleentzat ezagunak diren bi pertsonaia berreskuratuko dituzte. Gai serio eta arinen gaineko iritziak jasoko dituzte, umore ukituarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.