Francoren heriotzaren gaineko saioak Hamaikan, EITBn eta RTVEn

Hamaika telebistak saio berezi bat emango du gaur, 21:00etan. EITBko albistegietan erreportajeak plazaratzen ari dira. RTVE Play plataforman, berriz, gaikako kanal bat sortu dute memoriari eskainia.

Francisco Franco diktadorea, hil kaperan, 1975eko azaroan. EFE
Francisco Franco diktadorea, hil kaperan, 1975eko azaroan. EFE
urtzi urkizu
2025eko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Francisco Franco diktadorea hil zenetik 50 urte dira gaur, eta efemeridearen inguruko askotariko lanak ari dira ematen egunotan Hego Euskal Herriko eta Espainiako komunikabideak. Gaur bertan, askotariko albistegi bereziak ikusteko modua izango da.

Hamaika telebistak programa berezi bat emango du gaur, 21:00etan, Francoren heriotzaren 50. urteurrenaren harira. Saioak solasaldi formatua izango du. Xabi Ealok gidatuko du, eta Tasio Erkizia politikari eta irakasle ohiarekin eta Maialen Ferreira kazetariarekin aztertuko dituzte frankismoko eta Franco hil ondorengo urteetako egoera politiko eta soziala. Horrez gain, aste osoan gaiaren inguruko hainbat albiste labur egingo dituzte Hamaikako kazetariek.

EITBn igandetik ari dira albistegietan erreportaje bereziak ematen. Erreportaje horien bilduma bat ikusi ahalko da gaur ETB1en, 20:55ean. ETB2 katean, albistegietako saio bereziaren ostean, 50 años sin Franco erreportajea emango dute gaur, 22:35ean. Gernika-Lumoko (Bizkaia) juntetxean antolatutako topaketa bat du ardatz erreportajeak; alde batean, Mari Karmen Garmendia eta Paco Etxeberria izango dira, eta, bestean, Euskal Herriko hainbat lekutatik joandako sei gazte. Francoren irudia urrun ikusten dute gazte horiek.

Euskadi Irratia, berriz, Xiker Esnal kazetariak egindako erreportajeak ematen ari da egunotan. Gaur solasaldi berezi bat egingo dute, duela 50 urte euskal gizartean erreferente ziren hiru lagunekin: German Kortabarria (sindikalismoa), Gontzal Mendibil (kulturgintza) eta Elixabete Garmendia (kazetaritza). Radio Euskadin ere erreportaje bereziak ari dira emititzen. Bi irrati horietako lanak Guau plataforman entzungai daude.

BERRIA azkeneko egunetan Franco hil zen, eta... izenburuko artikulu bilduma osatzen ari da, hilaren bukaera arte. Hamaika herritarren ahotsak bildu dituzte bertan.

TVEn, askotariko saioak

RTVE talde publikoak joan den ostiralean 50 años del gran cambio izeneko kanala sortu zuen RTVE Play Interneteko plataforman. Diktaduraren amaierako eta demokraziaren hasierako urteen inguruko askotariko saioak ari dira ematen bertan. Kanal horrek larunbatera arte iraungo du.

Azkeneko asteetan, TVEk hiru dokumental eman ditu Francoren heriotzarekin lotuak —RTVE Playn ikusgai daude—: Muerte de Franco: la foto (Francoren heriotza: argazkia), La democracia no se harĂ¡ sin nosotras (Demokrazia ez da gu gabe egingo) eta Voladura 76. Sorta bereko azken dokumentala hilaren 27an estreinatuko dute: Miradas desobedientes (Begirada desobedienteak).

Bestetik, Nafarroako Erriberako herri batzuetan 1977tik 1980ra egin zituzten lehen desobiratzeen inguruko dokumental bat estreinatu dute: A flor de tierra (Lur gainean) —RTVE Playn ikusgai dago—. RTVEko albistegietako taldeak, gainera, 36ko gerrako eta frankismoko hobien ikus-entzunezko mapa digital bat osatu du: El país de las 6.000 fosas.

TVEren EAEko eta Nafarroako lurralde zentroan zuzeneko konexioak eta erreportajeak egingo dituzte gaur gaiaren inguruan.

La2 kateak programa berezi bat emitituko du bihar gauean Historia de nuestro cine saioan. Antonio Mercero zinemagilearen (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1936-2018) Espérame en el cielo filma emango dute. Saio berean, Francoren rola fikzioan jokatu dituzten hiru aktore elkarrizketatuko dituzte, bai eta Los archivos del NODO saioko gidoilari Manel Lucas ere.

Movistar Plus plataforman, berriz, 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakeraren inguruko fikziozko telesail bat estreinatuko dute gaur: AnatomĂ­a de un instante. Arte France katearekin batera koproduzitu dute, eta zuzendaria Alberto Rodriguez da. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten.

ETB1 KATEAN, ARANtZAZURI BURUZKO DOKUMENTAL BAT GAUR GAUEAN

ETB1 kateak Arantzazu 36 zm, 5 mende, herri 1 dokumentala estreinatuko du gaur, 22:20an. Santutegiaren historia oso luzea den arren, filmean batez ere azken 70 urteetako historia jaso dute. Frantziskotarren lekukotzak jaso dituzte bertan. Eta beste hauek ere elkarrizketatu dituzte: Xabier Euzkitze, Migel Angel Alonso del Val, Jose Ramon Beloki, Lorea Agirre, Joseba Intxausti, Miren Elgarresta eta Nikolas Segurola. Grabaketa gehienak Arantzazuko koruan egin zituzten, eta beste hainbat, frantziskotarrekin, Donostiako eliz koruan. Pello Sarasua da zuzendaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.