Talde politikoen arteko lehia eremu bilakatu da Frantziako telebista publikoaren finantzaketa eta eredua. Eremu bat gehiago, bederen. UDR Errepublikaren Aldeko Eskuinen Batasuna alderdiko Charles Alloncleren eskutik, Frantziako ikus-entzunezko sektore publikoa erreformatzeko 400 orrialdeko txosten bat eman dute argitara Frantziako Asanblearen webgunean. Besteak beste, Allonclek France2 eta France5 telebista kateek bat egitea proposatu du, France4 kentzea eta beste murrizketa batzuk egitea. Franceinfo eta France24 batzea ere proposatu du, baita kirol emankizunak kentzea ere. Neurri horien bidez urtean mila milioi euro aurreztu daitezkeela adierazi du.
Delphine Ernotte France Televisions taldeko presidenteak (Baiona, 1966) azaldu du «gardentasunez» erantzun diotela parlamentuaren kontrolari. Eta gogor mintzatu da Alloncleren txostenaz. «Polemikak analisia ordezkatu du, asmakuntzak gertakarien gainetik jarri dira, eta kolpe politiko baten nahia egiaren eskakizunari gailendu zaio». Ernotteren iritziz, txosten horrek saihestu egiten ditu etorkizuneko benetako erronkak: «Desinformazioa, nazioarteko plataforma nagusien lehia eta Frantziako eta Europako sormen-ekoizpenaren iraunkortasuna».
Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak «aukera galdutzat» jo du ikus-entzunezko sektore publikoaren inguruko txosten hori. Baina aitortu du etorkizunean «beharrezko erreforma batzuk» egin beharko direla. Azaldu duenez, finantza kudeaketaren inguruko lan batean murgilduak dira iazko udazkenetik. «Eta sektore publikoaren neutraltasunaren exijentzia erabatekoa da».
Alloncleren txostenak ezkerreko alderdien kritika ugari jaso ditu. Bestetik, ustelkeriaren kontrako elkarte batek salaketa bat jarri du, Lagardere talde pribatuaren ustezko esku sartzeak tarteko. Salaketa jarri dutenen arabera, Vicente Bollorek kontrolatzen duen taldeak galdera kritikoak bidali zizkien hainbat diputaturi, batzordeko ikerketan eragiteko asmoz.
Txostena eskutan duelarik, bestalde, Jordan Bardella eskuin muturreko BN Batasun Nazionaleko presidenteak iragarri du irrati-telebista publikoen pribatizazioa bultzatuko duela boterera iristen baldin bada.