Frantziako Tourreko etapek %3,6ko ikusle kuota lortu dute ETB1en

Etapa nagusiek %17,9ko kuota bereganatu dute La1 katean, eta besteek, %7koa Teledeporten

Egan Bernal Frantziako Tourreko irabazlea eta Geraint Thomas bigarren sailkatua, igandean, Parisen. G. HORCAJUELO / EFE.
urtzi urkizu
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Frantziako Tourrak ikusle ugari bereganatu ditu aurten ere Euskal Herrian, eta, aurreko urteetan bezala, zale gehiagok ikusi dituzte etapen amaierak erdaraz, euskaraz baino. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, TVEko La1 kateak ematen dituen etapek —probako garrantzitsuenak— %17,9ko ikusle kuota lortu dute; talde bereko Teledeporte kateak eman ditu sailkapen nagusirako garrantzi berezirik ez zuten etapak, eta horiek %7ko kuota izan dute.ETB1eko uztailaren 6tik 28ra arteko emankizunek %3,6ko kuota erdietsi dute —euskaldunen artean, %7,1ekoa—. Aurten, aurreneko aldiz, euskarazko kateak On Tour saioa egin du, etapa amaitu osteko solasaldiekin;emankizun horrek %3,1eko ikusle kuota lortu du. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan France2ko eta France3ko emankizunek zer datu lortu dituzten jakiteko modurik ez dago, ezta Nafarroako datuak zein diren ere.

Joseba Urkiola ETBko Kiroletako arduradunak esan du lantaldean «oso pozik» daudela On Tour-ek izan duen harrerarekin. «Egun batzuetan, etapak berak baino datu hobea eman du saioak. Erreferente asko pasatu dira platotik, eta interes handia piztu du txirrindularitzako komunitatean». Joan den larunbatean, %8,5eko ikusle kuota lortu zuen On Tour-ek —egun osoan ikusle gehien izan zuen saioa izan zen ETB1en—.

Urkiolak, edonola ere, aitortu du aurtengo etapek iaz baino datu txikiagoa izan dutela. Italiako Giroak, berriz —irekian soilik ETBk ematen du—, azkeneko hamabi urteetako daturik onenak lortu ditu: %5,5eko ikusle kuota.

Bi txirrindularitza probetan egindako Ez da Giro eta On Tour saioekin saialdia egin du aurten ETBk, eta datorren urtean formula bera erabiliko dutela iragarri du Urkiolak.

Maiatzean —Giroa korritu zen hilabetean— eta uztailean bereganatu ditu aurten ETB1ek batez besteko ikusle daturik onenak: bietan %2,4ko ikusle kuota. Arraunak ere datu onak ematen dizkio kateari; adibidez, Getxoko Banderak %13,7ko ikusle kuota lortu zuen herenegun —Euskotren Ligako estropadak, %10,2koa—.

Donostiako Klasikoa

Txirrindularitzarekin lotutako emankizunekin jarraituko du ETBko lehen kateak datozen egunetan: larunbat honetan, esate baterako, Donostiako Klasikoa emango dute zuzenean —aurreneko aldiz, emakumezkoen proba izango da ikusgai, gizonezkoenaren aurretik—. Proba bukatu bezain laster, saio berezi bat egingo dute lasterketak egun osoan eman duen guztia aztertzeko.

Abuztuaren 8an, berriz, Markel Irizar txirrindulariaren inguruko dokumental bat estreinatuko du ETB1ek. Hain zuzen ere, larunbatean Donostiako Klasikoarekin hartuko du erretiroa Irizarrek txirrindularitza profesionaletik. «Lan hori oso ikusgarria izango da ikusleentzat», iragarri du Urkiolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.