Komunikazioa

Futbolak arrakasta izan du ETB1en

Realak eta Athleticek Espainiako Kopan jokatutako joaneko partiden emanaldiek ikusle datu onak izan zituzten ETB1en. Naxari Altunak emanaldi horiek aztertu ditu, baita laster ematekoak diren emakumezkoen partidenak ere.

(ID_13618363) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Mikel Merino baloia hanketan duela, otsailaren 6an, Espainiako Kopako joaneko partidan, Mallorcan. CATI CLADERA / EFE
pettan uralde
2024ko otsailaren 27a
05:00
Entzun

Mallorca eta Realaren arteko Espainiako Kopako partida 106.000 lagunek ikusi zuten ETB1eko emanaldian. Atletico Madrilek eta Athleticek jokatutako lehiari dagokionez, 93.000k ikusi zuten ETBko lehen katean. Naxari Altuna kazetaria arduratu zen kontaketaz, eta bi emanaldien emaitzak ikustea beretzat «pozgarria» dela adierazi du. «Aspalditik ez ditugu ematen gizonezkoen [Espainiako] Lehen Mailako partidak, eta konturatu gara Euskal Herrian jende askok ohitura hartu zuela euskarara hurbiltzeko futbolaren bitartez». Garai batean «jende askok» ikusten zituztela gaineratu du. «Baina telebistaren merkatua zabaldu egin zen, eta gaur egun jendeak futbola beste telebista batzuetan ikusteko ohitura hartu du. Emaitzak ikusita, oso pozik gaude. Jendeak hurbiltasuna baloratzen du, eta urteetan egindako lantalde bat dugu».

«Egun batetik bestera» sortu zitzaion ETBri bi euskal taldeen kanporaketak emateko aukera, eta egitura bat jarri behar izan zuten martxan oso denbora gutxian. Ohiko esatariez gain, gonbidatuak ere izan ziren bi saioetan. «Egunerokoan badaukagu talde bakoitzaren jarraipena egiten duen jendea, eta irratian dugun esatari taldea ere mugitu genuen. Juanan Larrañaga, adibidez, futbola utzi zuenetik dago gurekin. Gero, aldika-aldika, partida bereziak suertatzen direnean, jokalari ohiengana jotzeko joera izaten dugu». Athletici dagokionez, Gorka Iraizoz lotu zuten. «Iaz ere gurekin izan zen». Nerea Zusberro ere hor ari da. «Azken boladan hainbat hedabidetan nabarmentzen ari da esatari hori. Lehen emanaldian, gauzak prestatzeko denbora gutxi izanda ere, oso txukun atera zen dena».

Finalean bi euskal taldeak nahi ditu Altunak, baina batak zein besteak «partida gogorra» izango dutela berretsi du. Gaur izango da Realaren txanda, faborito dela, baina Mallorca horrelako egoeretan «eroso» sentitzen dela nabarmendu du. «Reala ez dago bolada onean, eta Mallorca oso ondo aritu zen larunbatean Alavesen aurka. Haientzat balentria litzateke finalera iristea, eta Realak erronka asko ditu kanporaketa honetan. Konpondu beharreko arazo asko ditu. Anoetan ez du irabazi azaroaz geroztik, gola garesti du, lesio pila bat... egoera horrek urduri dauka ingurua».

«Emaitzak ikusita, oso pozik gaude. Jendeak hurbiltasuna baloratzen du, eta urteetan egindako lantalde bat dugu».

NAXARI ALTUNA ETB1eko kirol esataria

Athleticentzat Kopa «bere txapelketa» dela nabarmendu du Altunak: bost finalerdi jokatu ditu jada jarraian. «Eta hori oso zaila da». Egia da titulurik ez duela lortu bost urteotan. «Baina iristeari ere meritu handia eman behar zaio. Denboraldi honetan aurrerapauso nabarmena eman dute, eta etxean gaindiezina dirudi», adierazi du Altunak. Gainera, San Mames berria «piztu» egin dela azpimarratu du, eta gazte harmaila berria duela eta «garai bateko giroa» arnasten dela adierazi du. «Partida hauetan zaleek ere jokatzen dute. Zaleek eginkizun garrantzitsua izango dute San Mamesen eta Anoetan. Noski, Athleticek ere oso partida gogorra izango du, Atletico Madrilek aste gutxian denboraldi osoa edukiko baitu jokoan». 

Emakumeak ere finalerdietan

Gizonezkoen taldeak bai, baina baita emakumezkoen taldeak ere. Natalia Arroyok eta David Aznarrek zuzentzen dituzten taldeak Espainiako Kopako finalerdietan daude, eta bi kanporaketa horiek ere emango ditu ETB1ek. «Guretzat oso berezia da emakumezkoen futbola, eta urte batzuk daramatzagu jada gurpil horretan sartuta», berretsi du Altunak. «Realari dagokionez, oso zail zuen aurreko kanporaketa gainditzea, eta garai zail horretan onena eman zuen. Natalia Arroyorekin bide bat egin du Realak, eta, arazoak arazo, edozein talderekin lehiatzeko gai da. Reala ez da faborito, baina bigarren partida Anoetan jokatzeak aukera gehiago ematen dio».

Athleticek zailagoa izango du Bartzelonaren aurka, baina Altunak joaneko partida azpimarratu du. «Oso polita izango da joaneko partida, San Mamesen jokatuko dutela jakinda. Jende asko joango da, ziur. Athleticek proiektu polita dauka, eta, ligan etxetik kanpo herren aritu bada ere, etxean oso ondo jokatzen du». Taldean jokalari berriak daudela gogoratu du. «Gaztea da taldea, erakargarria. Joanekoan ondo lehiatu beharko da, eta festa antolatu beharko du San Mamesen. Bartzelonara bizirik iristeko emaitza on bat lortu beharko du».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.