Fernando Velazquez musikariak moldatutako Gabon kantak grabatu ditu EITBk pertsona ezagunekin. Badira aste batzuk hasi zirela Gabon kantak zatika zabaltzen, telebistaz eta Internet bidez. Gaur, berriz, ETB1ek Gabon kantak saioaren emanaldi osoa emitituko du, 21:15ean. Euskadiko Orkestrarekin batera grabatu zituzten kanta horiek; gainera, Bilboko Koral Elkarteko Haurren koruko eta Iruñeko Orfeoiko Gazte Abesbatzako neska-mutikoek parte hartu dute grabaketa horietan. Jose Luis Ormazabalek zuzentzen du Bilboko abesbatza, eta Juan Gaizak Iruñekoa.
Itziar Ituño aktore eta Ingot taldeko kantariak Horra, Mari Domingi abestia kantatu du; Janus Lesterrek, berriz, Lurra etxe abestu du; Rozalen Albaceteko (Espainia) kantariak Hator, hator kantatu du; Nerea Reparaz Gaur egun albistegiko aurkezleak eta Arnaitz Fernandez Eguraldia-ko aurkezleak Olentzero abestu dute; Ylenia Baglietto aktoreak eta Odei Esnaola ETB2ko Euskadi quédate saioko aurkezleak, berriz, Ireki begiak; Sara Gandara ETB2ko La Noche De saioko aurkezleak eta Armintz Gorrotxategi ETB1eko Dagoenean Bonbon saioko aurkezleak, Dios te salve kanta; eta Ainhoa Azpitarte, Asier Rikarte eta Ane Rot aktoreek —hirurak elkarrekin aritu ziren Desagertuta telesailean—, Adeste fideles / Zatozte kristauak. ETB1en ez ezik, EITBren webgunean ere ikusi ahalko da Gabon kantak musika emankizuna.
Neska-mutikoentzat emanaldi berezi bat gorde du, bestalde, gaur Euskal Telebistak. Olentzero eta Mari Domingi protagonista zirela, Bilboko kaleetan kalejira berezia egin zuten atzo arratsaldean. EITBk Internet bidez eman zuen zuzenean kalejira hori, eta ETB1ek gaur emango du, 18:30ean. Anabel Arraiza eta Aritz Mendiola ariko dira kontakizuna egiten. Galtzagorriak, Lamina, Basajaun eta beste pertsonaia batzuk agertuko dira kalejira horretan. Baita joaldunak, dantzariak eta musikariak ere, Arriaga plazara iritsi arte.
Aipatutako emanaldi horiez gainera, Go!azen telesaileko aktoreek prestaturiko urteroko bilduma berezia ikusi ahalko da euskarazko kate publikoan. Beti Oskorri kontzertua ere emango dute Gabon gauean.
'Ura bere bidean', gaur eta bihar
Aurreko urteetan Gabon gauean hainbat pertsona ospetsuk Gure Zirkuan grabatutako saio berezia eman zuten. Iraganean ere izan dira halako saio bereziak, kantua oinarri. Baina aurten ez du halakorik grabatu ETBk. Horren ordez, gaur ETB1ek Ura bere bidean. Gipuzkoa ikuskizuna emango du, 23:15ean. Ainhoa Vitoria kazetariak egingo ditu aurkezle lanak. Kontzertu berezi hori abenduaren 13an grabatu zuten Donostiako Ilunbe zezen plazan. Musikari eta talde hauek aritu ziren: Neomak, Amak, Xabi Solano, Pello Reparaz, Iñigo Etxezarreta, Gozategi, Urko, Maren eta Bea Asurmendi, besteak beste.
Bihar, Eguberri Egunean, Ura bere bidean korala. Araba ikuskizuna emango du ETB1ek, 22:15ean. Emanaldi berezi horretan, Arabako 33 abesbatzatako zazpiehun lagunek euskal kanta ezagunak abestu zituzten. Aitor Antruejoren zuzendaritzapean aritu ziren. Irailaren 20an grabatu zuten, Gasteizko Buesa Arenan.
Aste honetan eta hurrengoan, bestalde, ETB1eko Mihiluze lehiaketa berezia izango da. Hain zuzen ere, neska-mutikoekin grabatu dituzten programa bereziak emango dituzte —9-10 urteko haurrak ari dira lehian—. Finalak igande honetan eta urtarrilaren 4an emango dituzte, 21:30ean. Parte hartzeko izena eman dute ia bostehun haurrek.