Ane Eslabak eta Uxue Reyk aurkezten duten Berria FM podcastak emankizun berezia izango du gaur, eta horrekin amaituko dute denboraldia. Protokolo gorpuztuak: komunitatean, hezkuntzan eta kirolean izenburupean, indarkeria matxistari kontra egiteko protokoloak aztertuko dituzte.
Izan ere, aste honetan egiten ari diren Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresuaren programazioaren barnean egingo dute podcasta, Igeldon (Gipuzkoa). Mahai inguru bat izango da ekitaldia; 11:30ean hasiko da, eta solaskideak hauek izango dira: Marivi Fernandez Roldan, Donostiako Berritzeguneko zuzendaria eta hezkidetzako koordinatzailea; Laura Garcia Rodriguez eta Lidia Latorre Bañares, Amarauna Basket Fem taldeko kideak —saskibaloiaren bueltako giroan izaten diren indarkeria matxistei erantzuteko talde bat sortu dute, eta dibulgazioan ere aritzen dira—; eta Idoia Arraiza Zabalegi, Emagineko kidea.
Uxue Reyk nabarmendu du protokoloei buruz aritzea dela asmoa. «Nork beretik, baina eztabaidagai izatea, adibidez, zenbateraino diren garrantzitsuak, ea baden protokoloak betearazteko tresna eraginkorrik, ea protokoloek aski begiratzen dieten biktimen erreparazioari eta erasotzailearen balizko gizarteratze feministari...». Pedagogia feministak izango dituzte jomugan.
Ordu eta erdiko saioa izatea espero dute. BERRIAren webgunean ez ezik, ohiko audio plataformetan ere entzun ahalko da.
2023ko martxoan Maider Galardi F. Agirreri lekukoa hartu ziotenetik, Eslabak eta Reyk egiten duten 44. atala da gaurkoa.