2025. urteko musika uztari erreparatu, eta artista, kanta, disko, bideoklip, zuzeneko eta ikuskizun onenak sarituko ditu Gaztea irratiak ostegunean, Bilbon. 20:30ean hasiko da ekitaldia, eta aurkezle lanetan Ainhoa Vitoria eta Antton Telleria ariko dira. Euskalduna jauregian izango da jaialdia —sarrerak hiru orduan agortu ziren—. Hala ere, ekitaldira joateko azken aukera bat izango da, Gaztearen Instagrameko zozketan parte hartuta. Han izateko modua ez dutenek Internet bidez ikusi ahalko dute Gaztea sarien ekitaldia: Gaztearen webgunean eta Youtubeko kanalean emango dute, streaming bidez. Ondotik, gainera, Primeran plataforman jarriko dute.
«Inoizko galarik musikalena» iragarri du Gazteak. Hain zuzen ere, oholtza gainera igoko dira Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, Merina Gris, Hofe, Jimena Amarillo, Janus Lester, Izaro, Nogen eta Euskoprincess.
Aurten, zuzeneko eta ikuskizun onenen irabazleak Gazteako publikoak aukeratu ditu, bozketa bidez. Beste sariak, ostera, Gaztearen epaimahaiaren esku gelditu dira.
Ekitaldiaren aitzakian, Gaztearen Gu saioak emanaldi berezia egingo du ostegunean bertan, Euskaldunan, 17:00etatik aurrera. Ibon Fernandez eta Alain Perez ariko dira aurkezle lanetan, eta Gaztea sarietan parte hartuko duten lagunekin hitz egingo dute.
Photocall berezi bat ere prestatuko dute Euskaldunan: 19:30etik aurrera, gonbidatuak bertatik pasatuko dira, eta Jon Fernandezen eta Berezi Fernandezen galderak erantzungo dituzte.