Euskarazko irratsaio askorentzat denboraldia amaitzeko egunak dira. Gaztea irratiaren Dida! saioak, esate baterako, Hernaniko (Gipuzkoa) Gudarien plazan amaituko du bihar denboraldia. San Joan jaiak hasi baino ordu gutxi lehenago hasiko dute programa Julen Telleriak, Antton Telleriak, Andrea Aranburuk eta Jon Gotzon Aldaparenak. Eta 10:00ak iritsi arteko tartean, gonbidatu bereziak izango dituzte: Flako Fonkik han bertan abestuko du, Bittor Kasek kozinatu egingo du eta Anne Lukin kantariak bere abesti berria estreinatuko du. Halaber, urte osoan ondu duten Asereje lehiaketako saria banatuko dute. Aitziber Gradosen, Iker Vicenteren eta Oihana Barrenaren ahotik ezagutuko dute entzuleek nor den bidaiaren irabazlea.
Gaztearen Gu irratsaioak, berriz, denboraldia amaitzeaz gain, 2.000. atala ospatuko du ostegun arratsaldean. Hain zuzen ere, ospakizuna Donostiako Gu espazioan egingo dute —udaletxearen ondoan, itsasoari begira—. Olaia Inziarte eta Bengo musikariak gonbidatuko dituzte, baita Aratz Lakuntza Conquis saioko lehiakidea ere. Programako kolaboratzaileak, berriz, binaka jarriko dira mikro aurrean: Ainhoa Etxebarria eta Alexander Padilla, Irati Erauskin eta Iñigo Aranburu, eta Berezi Fernandez eta Anepe Acedo. Karaoke lehiaketa bat ere egingo dute han bertan.