Musikaren Europako Eguna ekainaren 21ean ospatu ohi da. Hain justu, Gazteak egun bat geroago ospatuko du, baina ez edonola. Izan ere, Gaztearen Musikaren Egunaren lehen aldia antolatu dute iganderako, euskal musikaz gozatzeko asmoarekin.
Hogei taldek eta bakarlarik baino gehiagok parte hartuko dute jaialdian. Donostiako Tabakaleran egingo dituzte kontzertuak, eta bertaratzerik ez dutenek streaming bidez ikusteko aukera izango dute Gaztearen Youtubeko kanalean, webgunean, Primeran plataforman eta Guau audio plataforman.
Kontzertuetara joateko gonbidapenak Gaztearen webgunean eskuratu ahalko dira, bihartik aurrera (17:00). Webgune berean emango dute ordutegien berri, bihar bertan. Aretoen edukiera kontuan izanda, zortzi bloketan banatuko dituzte sarrerak. Hala, ordutegiak kontsultatu ostean, aukera izango da ordu tartekako gonbidapenak eskuratzeko. Aretoen edukiera mugatua dela kontuan izanda, garrantzitsua da kontzertuetara garaiz iristea.
Talde eta bakarlari hauek parte hartuko dute Gaztearen Musikaren Egunaren lehen aldian: Gorka Urbizuk, Olaia Inziartek, Izarok, Idoiak, TOCek, Zea Maysek, Olatz Salvadorrek, Janus Lesterrek, Merina Grisek, Bengok, Hofek, La Txamak, Ezpalak-ek, Duplak, Kilikik, Ezezez-ek, Sukenak eta Maskak-ek. Kontzertuak 30 minutukoak izango dira, eta Patioa, Prisma, Kutxa Fundazioa Kluba eta Nabe2 aretoetan emango dituzte.
Gainera, Makeda, Alta, Euskoprincess eta Lamia Mariarituko dira DJentzat propio prestatutako Prisma oholtzan.
Azken urteetan Gaztearen maketa lehiaketako finalera iritsi diren taldeak ere bertan izango dira: Malko, Zilibito Records, Txopet eta Mikosis.
Irratsaio bereziak
Musika maratoiak ez ezik, hitzek ere garrantzia izango dute Musikaren Egunean. Bada, Gazteak zuzeneko irratsaio berezia egingo du Tabakaleratik, egun osoan oholtzetatik igaroko diren artista gonbidatuekin.
Gainera, Ainhoa Vitoria eta Sara Alonso Gazteako esatariak ere bertan izango dira, denboraldiko azken Bitan saioa zuzenean grabatzeko. Bi saioak streaming bidez ikusi ahal izango dira, Gaztearen Youtubeko kanalean eta webgunean.
Saio bereziez gain, Musika Bulegoarekin antolatutako bi solasaldi egingo dituzte. Lehenengoan, Eneritz Furyak eta Ines DJa «gorputza lehen lerroan jartzeaz» arituko dira, Oihana Aranaren gidaritzapean. Bigarrenean, Formatu handia vs. Formatu Txikia. Kontzertuak ikuspegi askotatik egiteko artea izango da gaia. Solasaldi hori Galder Beramendik gidatuko du, eta gaiaz arituko dira Amaia Ispizua (Get in), Julen Caminos (Bidean Produkzioak) eta Duplako musikariak.
Egun guztian gertatzen denaren berri jasotzeko aukera izango da Gaztearen sare sozialetan (Youtube, X, Instagram, Tiktok eta Gaztearen webgunea).