Gazteei ahotsa emango diete gaur 'Tribuaren berbak' saioan

Joera soziolinguistikoak, hizkuntza ohiturak eta esperientzia pertsonalak uztartuko dituzte ETBn gaur gaueko programan.

'Tribuaren Berbak' saioan gazteak mintzatuko dira gaur. ORIO PRODUKZIOAK
'Tribuaren Berbak' saioan gazteak mintzatuko dira gaur. ORIO PRODUKZIOAK
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

ETB1eko Tribuaren berbak saioaren gaurko atalak Gazteen ahotan izenburua darama. Gazteek euskararen inguruan zer duten esateko entzun ahalko da programan, eta nola hitz egiten duten ere bai.

Nola hitz egiten dute gazteek? Galdera horren erantzunaren bila abiatuko da Izaro Arruti Gasteizen, eta gazteak eta euskara hitzak emanda zer datorkien gogora esateko eskatuko die adin guztietako herritarrei.

Azken hamarkadetan euskal gizartean izan den aldaketa linguistikoaren adibiderik nabarmenenetako bat Gasteizkoa da. Bertan, Garazi Gil, Leire Beiriberi eta Samu Rodriguezekin elkartuko da Kike Amonarriz. Beren biografia eta ibilbide linguistikoak azalduko dituzte, eta Gasteizen non, norekin eta zergatik egiten duten euskaraz, eta horretarako zer aukera eta gune dauden.

Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 1991n %22koa zen Euskal Herriko 16-24 urte bitarteko gazteen euskararen ezagutza, baina, 2021erako, ezagutza bikoiztu baino gehiago egin zen: %58ra pasatu zen. Olatz Altunak azalduko du duela 30 urte Euskal Herrian gazte euskaldunak hamarretik bi zirela, eta gaur egun hamarretik ia sei; bilakaera positiboena EAEn gertatu da. Prozesu horren motor nagusia eskola izan da. Gazte gehienak, ordea, hobeto moldatzen dira erdaraz. Iñaki Martinez de Lunak eta Yasmine Khris Maansrik gaiaren inguruko beren hausnarketak eskainiko dituzte belaunaldien mahaian.

Maddi Kintanak, berriz, Baiona, Miarritze eta Angeluko (Lapurdi) gazteen euskara aztertu du. Gehienak ez datoz familia euskaldunetatik, eta frantsesaren eragin handia dute hizkuntza praktiketan. Frantseskuara-ri edo euskañola-ri egiten zaizkion kritiken aurrean, nabarmenduko du gazte horiek euskaraz ari direla ingurune oso erdaldun batean, hizkuntza guztiak aldatzen direla, eta oraingo adinekoei ere antzeko kritikak egiten zizkietela  aurrekoek.

Era berean, Arruti Bidarraira (Nafarroa Beherea) eta Uztaritzera (Lapurdi) joango da, euskararen erabilerari buruz galdetzera.

Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkestaren emaitzen arabera, 15-29 urte bitarteko gazteen %43k euskara erabiltzen dute Interneteko sare sozialetan. 2022tik, euskararen erabilerak ia zazpi puntuko hazkundea izan du. Emakumeek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dute, eta, lurralde historikoak aintzat hartuta, Gipuzkoa nabarmentzen da. Adin tarteari dagokionez, 25-29 urte bitartekoek erabiltzen dute gehien euskara.

Euskarabenturako esperientzia

Gazteen artean euskararekiko atxikimendua bultzatu eta erabilera sustatzeari begira, hainbat ekinaldi eta egitasmo antolatu dituzte azken urteotan Euskal Herrian. Horien artean, Euskarabentura da berritzaileenetako bat eta oihartzun handia lortu duena. Antolatzaile birekin elkartuko da Amonarriz Getxon (Bizkaia): Irune de la Mazarekin eta Alaitz Elizbururekin. Ekimena nola sortu zen, nola antolatzen den, nolako gazteak elkartzen diren eta espedizioak gazteen euskararen erabileran zer-nolako eragina duen azalduko dute. Tartean, Euskarabenturan parte hartu duten lau gazteren lekukotzak ere entzun ahal izango dira saioan.

Tribuaren berbak
Izaro Arruti aurkezlea eta Julen Gondarazena, 'Tribuaren berbak' saioan. ORIO PRODUKZIOAK

Julen Goldarazena Flako Fonki-k Arrutiri deituko dio, berak erabili ohi dituen esaera batzuk euskaraz nola esan daitezkeen galdetzeko. Erantzun bila, Azpeitiko eta Zarauzko (Gipuzkoa) gazte batzuekin elkartuko da aurkezlea, eta, Flakok eskatutakoak nola esango lituzketen proposatu ondoren, erabili ohi dituzten bestelako hitz eta esamoldeak zerrendatuko dituzte.

Ainhoa Lasa Emun aholkularitzako kideak saioetan zer-nolako emaitzak jaso dituzten azalduko du, eta gazteek euskararen erabileraren inguruan aipatzen dituzten oztopo nagusiak zerrendatuko ditu: «ez da egiten», «ez naiz lehenengoa izango», lotsa, edo urratsa egiteko nahikoa indar edo aukera ez izatea... Euskararako jauzia egiteko lagundu dezaketen aldaketa momentuak zein diren ere zehaztuko du.

Saioa amaitzeko, hiru gazte kulturgilerekin elkartuko da Arruti: Maddi Arlanzon Malko musika taldeko kidearekin, Maialen Sorzabalbere Barrexerka antzerki taldeko kidearekin eta June Aiestaran Behe Banda idazle taldeko kidearekin. Euskarazko kulturgintzan sartzeko arrazoiez, gazteen kultur kontsumo ohiturez eta esku artean dituzten asmoez jardungo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.