Komunikazioa. Jaime Otamendi. 'Airean' saioko aurkezlea

«Giza kate indartsua osatu dugu eguneroko ETB1 egiteko»

Informatu, eta era berean, entretenitu. Helburu hori buruan, Otamendik 'Airean' magazina aurkezten du arratsaldero ETB1en.

Adrian Garcia.
2013ko urriaren 11
00:00
Entzun
Euskadi Irratiko uhinak platoa eta kamerengatik aldatu ditu Jaime Otamendik (Elduain, Gipuzkoa, 1966). Aste barruan 15:45ean ematen duten Airean magazina gidatzen du. Dioenez, gauza asko «ikasten» ari da. Halere, telebista ez zaio batere arrotza; besteak beste, hamar urtez ibili zen albistegi buru gisa, Mezularia irratsaioa gidatu aurretik. Guztira, 30 urte eman ditu EITBn, eta etxea ongi baino hobeto ezagutzen du. Lehen aldia du, ordea, kamera aurrean eguneroko saio bat zuzentzen eta aurkezten.

Nolakoa izan da telebistarako itzulera?

Fabrikara bueltatu naiz. Gauza bat da informazioa eta edukiak kudeatzea eta beste bat komunikazioa eta kazetaritza lana, baina fabrikan bertan, produktua egiten. Produktura itzuli naiz, eta oso gustura nabil. Asko ikasten ari naiz, eta asko dut ikasteko. Egunetik egunera antzematen dut platoan lasaiago sentitzen naizela.

Kanpotik eroso ikusten zaizu.

Hasieran ez hainbeste, nahiko urduri nengoen oraindik. Lanbide honetan, autoa gidatzen ikasi behar da era automatiko batean. Autoeskolako lanak egin ditut, eta nire estiloan gidatzen hasteko moduan nago orain.

Zure estilo hori jorratu zenuen lau urtez Mezularia-n. Nolako da irratitik telebistarako jauzia?

Ikasi behar da zure gorputzak asko hitz egiten duela. Irratian ahotsak eta isiltasunak hitz egiten dute. Telebistan zure ezkerreko eskuaren mugimenduak asko esaten du, begiek asko adierazten dute. Gorputz komunikazioa dezente landu behar izan dut. Beste aldetik, irratia askoz ere gertuagokoa da, komunikazioa zuzenagoa da, jende gutxiagorekin egiten da. Telebista orkestra handi bat da, eta musikari guztiek partitura berdina jo behar dute.

Aukeran, nahiago duzu irratia ala telebista?

Irratia oso oso gogoko dut, entzulearekin lortzen den bat-batekotasuna eta konplizitatea izugarria delako. Telebista erronka handia da, eta ikasteko gogo izugarria daukat. Danbatekoaren medioa da telebista; oihartzun handiagoa du. Telebistan brotxa lodi batekin pintatzea bezala da; mezuek oso garbiak izan behar dute. Irratiak badu beste fintasun bat.

Airean arratsaldeko programazioaren apustu indartsuenetzat dute, eta saioak herresta efektua egitea espero da. Erantzukizun handia da.

Ardura handiekin hartzen ditut lan guztiak, baina lasai nago. ETB1en giza kate indartsu bat osatu dugu, profesional asko gaude eguneroko ETB1 egin nahian. Konbentzitua nago pazientzia apur batekin emaitzak iritsiko direla.

Ilaski Serrano eta Usoa Arbelaitz dituzu lankide. Profil desberdinak dituzte. Zer eginkizun du bakoitzak?

Usoa Arbelaitz berria da telebistan. Kazetari oso ona izateaz gain, niri pertsonalki asko gustatzen zaidan estilo modernoa du, bai izaeran, bai janzteko eran. Oso kontalari ona da. Ilaski Serrano, berriz, oso kazetari ezaguna da, eta tokian-tokian gaien lekukoa izatea oso interesgarritzat jotzen genuen, bera delako kalean dabilena jendearekin. Pertsona aproposa da horretarako. Batetik, telebista ordezkatzen du, eta, bestetik, entzule ona eta jakin-min handiko emakumea da. Jendeari gauzak ateratzen arte berezia du.

Lan handia eskatzen du magazina bezalako euskarriak; zuzenean denbora asko bete behar da. Zein da magazin batean denbora airean igarotzeko gakoa?

Interesgarria eta entretenigarria izatea. Oreka interesgarri bat bilatu behar da horretan. Informazioa eta entretenimendua gaur egun oso nahastuta daude; konbinazio hori egin daiteke. Informazioak ez dauka pisutsua izan beharrik, eta entretenitzeko ez dago zertan arinkerian erori beharrik. Oreka hori bilatu nahi dugu.

EITBko zuzendari nagusi izatekotan egon zinen. Kudeatzaile lana baino nahiago al duzu lehen lerroan kamera aurrean egotea?

Lan guztiz desberdinak dira. Nik sekula ez dut amestu enpresa baten buru izatea. Momentu jakin batean eskaera egin zidaten, eta asko pentsatu ondoren prest nengokeela esan nuen. Ez zen atera, eta horrek ez zidan inolako desilusiorik sortu. Kazetari eta komunikatzaile sentitzen naiz.

Beste herrialde batean uste al duzu elkarrizketa batengatik hautagaitza bat baztertuko zutela?

Nire izena atzera bota zuten, ziurrenik gustuko ez nindutelako. Lopez lehendakariari elkarrizketa gogorra egin niola esan zuten. Nik ez nuen sinetsi horregatik izan zela. Ibarretxeri ere era berean egiten nizkion elkarrizketak, zorroztasun berberarekin. Arduradun politikoei elkarrizketa zorrotzak eta ardurak eskatu behar zaizkiela uste dut. Nire ibilbide luzean lanik gehiena euskaraz egin dut. Gaztelerazko elkarrizketa bakan horiekin nire lan guztia epaitzea ez zitzaidan bidezkoa iruditu. Herrialde anglosaxoi batean ez litzateke onargarria izango. Kazetari independente izatea ez dute gustukoa izaten.

Airean-en ere tokia egiten diozue elkarrizketei.

Bai, baina gozoagoak dira, oraingoz, behintzat. Ikusiko dugu gero zer gertatzen den. Airean-en pertsonaiak interesatzen zaizkigu, eta ez hainbeste ardurak dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.