Iaco Rigo: «Globalizazioaren oztopoak gainditzeko gai izan gara»

Europako Midas hizkuntza eta hiztun gutxituen eta eremu urrikoen egunkarietako eta hedabideetako erakundean sartu da 'La Usc di Ladins' astekaria. Ladineraz argitaratzen dute, Italia iparraldean.

Iaco Rigo 'La Usc di Ladins' aldizkariko erredaktore burua. LA USC DI LADINS
Iaco Rigo 'La Usc di Ladins' aldizkariko erredaktore burua. LA USC DI LADINS
urtzi urkizu
2026ko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ladineraz paperean argitaratzen duten aldizkari bakarraren erredaktore burua da Iaco Rigo (Brunico, Italia, 1968). Tokiko albisteak ematen dituzte egunero webgunean. Midas erakundean sartu den hamahirugarren hizkuntza da ladinera.

Nola jaso zenuten Midas elkartearen parte izateko onespenaren albistea?

Poztu egin gintuen albisteak. Helburu berak dituen familia bateko kide izateak pozten gaitu; tokiko kazetaritza egiteko helburuak partekatzeak beste aukera batzuk zabaltzen ditu ikusgaitasunerako eta esperientzia askotarikoetarako.


Ba al duzue harremanik Midaseko kide beteranoak diren tokiko hedabideetako kazetariekin?

Bai, lankidetza ona dugu Dolomiten egunkariarekin, Bozen hirian [Italia] argitaratzen den Hego Tirolgo alemanezko egunkariarekin. Gainera, oso ondo ezagutzen dugu grisoniarren kazetaritzaren errealitatea, Suitzan; bertan, albisteak erretorromanieraz argitaratzen dituzte, eta ladineraren hizkuntza talde berekoa da hori.


Midasek beste hizkuntza bat du orain: ladinera. Zer hizkuntza mota da?

Hizkuntza neolatinoa da. Erretorromanieraren familiakoa da, grisoniarren erromantxearekin eta friulierarekin batera.


Zein eremutan hitz egiten da ladineraz?

Ladinera Dolomiten erdialdean hitz egiten da: Badia, Gherdeina (Val Gardena), Fascia (Val di Fassa), Fodom (Livinallongo del Col di Lana), Col (Colle) eta Anpezo (Ampezzo) ibarretan. Lurralde homogeneoa da, baina, zoritxarrez, hiru probintziatan eta Italiako estatuko bi eskualdetan banatuta dago.


La Usc di Ladins aldizkariak 4.000 ale inguru saltzen ditu. Datu ona da ladinera hiztunen komunitatea kontuan hartuta, ezta?

La Usc di Ladins horrek ladiniarren ahotsa esan nahi du. Astean behin argitaratzen dugu papereko edizioa, baina egunero argitaratzen ditugu gaur-gaurko albisterik garrantzitsuenak www.lausc.it webgunean eta Interneteko sare sozialetan.

Zenbat irakurle dituzue?

Papereko edizioak 15.000 irakurle potentzial ditu. Interneteko albisteek 1.100 irakurle inguru izaten dituzte.


Irratian eta telebistan zer presentzia du ladinerak?

Bada ladinerazko albistegi bat egunero telebistan. Italiako RAI sare publikoko irratian ere programazioa badu ladinerak. Zoritxarrez, telebistako albistegi horrek soilik lau minutu eta erdi irauten du; bada, gero, beste edizio bat, hamar minutukoa. Horrez gain, telebista eta irratiko kultura eta ekonomia programak ere badira: astean, batez beste, 300 minutu ematen dituzte ladineraz irratian eta telebistan.


Zer garrantzi izan du zuen komunikabideak azken urteotan ladineraren biziraupenerako?

Gure lana funtsezkoa izan da. Globalizazioaren oztopoak gainditzeko gai izan gara. Esanguratsua da jende askok Facebook sare sozialean bere argitalpenak ama hizkuntzan idazten dituela: ladineraz. Ona da hori. Era berean, garrantzitsua da ladiniarrek beren lurraldeari buruzko berriak jasotzea, baita nazioartekoak ere. Erakundeetan eta familietan eztabaidatzeko, funtsezkoa da albiste horiek ladineraz eskura izatea; kasurako, hizkera teknikoak eta gaikakoak galdu ez daitezen.


Finantzaketa publikoa jasotzen duzue. Zein da aurtengo egoera?

Zorionez, hiru finantzaketa iturri handi ditugu: Italiako Gobernuaren aldetik, urtean 230.000 euro jasotzen ditugu; Bozengo probintziaren partetik, 60.000 euro; eta, azkenik, Trentoko probintziak beste 50.000 euroko laguntza ematen digu urtero.
 

Zer esan zenezake La Usc di Ladins-en etorkizunaz?

Trantsizio aldian gaude, bai gizartean, bai belaunaldiei dagokienez. Espero dugu adin ertaineko pertsonek eta familiek gure asteko ediziorako harpidetza berritzea. Nahiko nuke, era berean, etorkizun hurbilean jendeak interesa izatea gure eskualdeetako tokiko albisteak irakurtzeko. Tokiko gertaerak kontuan hartzen dituen tokiko aldizkari bakarra gara, eta horrek arrazoi gehigarria ematen digu etorkizunean ere gure funtzioan sinesteko.


Midasek lagunduko al dizue, nolabait, datozen urteetan?

Baietz espero dut. Midasen barnean, proiektuan parte hartzeko, albiste jakin batzuk trukatzeko eta aldibereko itzulpenaren potentziala aprobetxatzeko dugun interesaren araberakoa izango da pauso hau baliotsua.


Ladinerazko esaldi bat zuen kazetaritzari buruzko ideia nagusia laburbiltzeko?

Olache al é la usc, él la notizia. Esanahia hauxe da: «Ahotsa dagoen lekuan dago albistea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA