'Go!azen 13' Makusin da jada

Telesailaren hamahirugarren denboraldiko lehen atala plataforman ikus daiteke dagoeneko. ETB1 hilaren 20an hasiko da fikziozko saioa ematen.

'Go!azen 13'-ko aktoreak. EITB
'Go!azen 13'-ko aktoreak. EITB
urtzi urkizu
2026ko azaroaren 13a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Makusi plataformaren arduradunek honako galdera hau egin diete neska-mutikoei: «Prest al zaudete Basakabik udaleku izatetik musika akademia izatera nola eraldatzen den ikusteko?». Izan ere, Go!azen-en denboraldi berrian Basakabi udaleku zena Wellington Music Academy akademiaren egoitza izango da. Hego Euskal Herriko hiriburuetan aurrestreinaldiak egin ostean, hamahirugarren denboraldiko lehen atala Makusi plataforman ikus daiteke dagoeneko. Asteburuan, gainera, herri ugaritan egingo dituzte atalaren emanaldiak. ETB1 katean, berriz, hilaren 20an hasiko dira ematen denboraldi berria.

Aktore taldean berrikuntzak izango dira gaurtik: Maren Alonsok Ilargi antzeztuko du, Ane Sarasua Kaiaren rolean arituko da, eta Gaizka Fernandezek Luka pertsonaia gorpuztuko du. Horiez gain, Iñigo Gastesi iritsiko da, Imanol musika irakasle berriaren rolean. Aurreko denboraldietako hainbat pertsonaia ere itzuliko dira: Alaia, Bosko, Izar, Roke, Karla, Maren eta Joritz berriro azalduko dira, eta oraingoan musika akademiaren arau eta eskakizun berrietara egokitu beharko dute. Baina ikasle guztiek ez dute modu berean lortuko musika eskolan sartzea, eta hautaketa prozesuaren inguruko zalantzek gatazkak eragingo dituzte.

Go!azen 13
'Go!azen'-en 13. denboraldiko aktore taldea. ETB

Halaber, ohiko atalez gain, Makusik Altxor ezkutuak, bideo bereziak, musikalak eta tutorialak sareratuko ditu.

Anton Abadia saria, hilaren 28an

Egindako ibilbidea eta lana aitortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abadia saria emango dio Go!azen telesailari. Saria emateko ekitaldia telesailaren zaleekin ospatu nahi dute. Horretarako, ekitaldi-jai berezia antolatu dute hilaren 28rako Irunen (Gipuzkoa), Ficoban. 16:00etan, haurrentzako parke bat atonduko dute erakustazokan bertan. Eta 18:00etan emango diote saria Pausoka ekoiztetxearen saioari, musika festa bat egitearekin batera.

13. denboraldiko 'Bart' bideoklipa, osorik.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA