Aurreko ostiralean amaitu zuen denboraldia ETB1eko Go!azen telesailak, eta azkeneko atala saioaren historian gehien ikusitakoa izan zen: %9,2ko ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —euskaldunen artean, %21,8—. 135.000 herritarrek egin zuten bat uneren batean emankizunarekin. Laster, Bago!az musika lehiaketa iritsiko da: otsailaren 21ean, hain zuzen. Baina, aurretik, ETBk telesailarekin lotutako saio berezi batzuk prestatu ditu. Gaur gauean Go!azen ate irekiak eta Go!azen. Ikusleen kuttunak programak ikusi ahalko dira euskarazko katean, 21:00etatik aurrera.
Go!azen ate irekiak saioan, telesaileko aktoreek denboraldi honetako unerik gogokoenak aukeratu eta gogoratuko dituzte. Sekuentziak ikusi eta komentatuko dituzte, kameraren atzean gertatzen diren kontuak azalduko dituzte, eta, gainera, elkarrekin abestuko dute. Naia (Iholdi Beristain) eta Nikole (Nerea Mazo) etsaiak izan dira fikzioan, baina gaur elkarrekin kantuan agertuko dira. Gariren (Aritz Mendiola) eta Eliren (Ainhoa Larrañaga) maitasun istorioari buruzko xehetasunak emango dituzte saioan. Loreak (Sara Nieto) eta Markelek ere (Asier Burguete) beren arteko gorabeherak azalduko dituzte.
Gainera, Miren Arrieta eta Nerea Mazo aktoreak Zornotzan (Bizkaia) izan ziren joan den ostiralean, azkeneko atala zale batzuen etxean ikusten. Esperientzia horren inguruko erreportajea ikusi ahalko da programa berezian.
Go!azen ate irekiak bukatu bezain laster, Go!azen. Ikusleen kuttunak saioa aurkeztuko dute Aritz Mendiolak eta Asier Burguetek (22:30). Ikusleek aukeratu dituzten bost abesti kutunenen errepasoa egingo dute bi aktoreek. Zaleek EITBren webgunean bozkatzeko aukera izan dute, eta gaur jakinaraziko dute emaitza.
Datorren ostiralean, telesailarekin lotutako beste saio berezi bat emango du ETBk.
Datu paregabeak
Telesailak ikusle datu bikainak lortu ditu amaitu berri den denboraldian. Batez beste %5,8ko ikusle kuota lortu du, aurreko urtean baino puntu bat eta zazpi hamarren gehiago. 4-12 urte arteko neska mutikoen artean, %43,2ko kuota bereganatu du; azkeneko atalean, berriz, sekulako datua lortu zuen 13-18 urte artekoen artean: %45,7ko kuota.
Nabarmentzekoa da, era berean, telesailak aurten 2009ko atalen datuak gainditu dituela. Urte hartan, %5,2ko ikusle kuota izan zuen; 4-12 urte artekoen artean, %32koa. Kontuan hartu behar da egun telebista kate gehiago daudela doan ikusgai 2009an baino.
Telesailaren aplikazioari dagokionez, 32.965 herritarrek deskargatu dute urriaren amaieratik gaur arte. Aplikazioak urtarrilean 27.754 bisitari izan ditu, 369.418 bisita, eta erabiltzaileek 3.058.117 orrialde ikusi dituzte.
Go!azen-en atal berriak udan grabatuko dituzte. Aurretik, hautaprobak egingo dituzte.
'Go!azen'-ekin lotutako bi saio berezi emango ditu gaur ETB1ek
Telesailak 2009ko etapako datuak hobetu ditu. Aplikazioa 32.965 lagunek deskargatu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu