'Go!azen'-ekoak ere, etxetik

Telesaileko aktoreek euren etxetik egindako grabaketekin, saio bat emango du gaur ETB1ek

Maria Redondo aktorea izango da Go!azen etxean saio bereziko protagonistetako bat. PAUSOKA.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
ETB1eko Go!azen telesailak otsailaren 21ean amaitu zuen denboraldia, baina gaur eta datorren asteko asteazkenean aktoreen solasaldiekin eta bideoekin osatutako programa berezi bat emango du euskarazko kateak: Go!azen etxean. 22:30ean izango da ikusgai, baina ondotik eta datozen egunetan EITBren webgunean ere ikusi ahalko da. Igandeetan ere emango dute, 21:00etan.

Mundu osoan koronabirusak sortu duen egoerak eragina dauka Go!azen-eko pertsonaien artean. Horrela, protagonistek etxean pasatzen dute eguna, eskolara joan ezinik, eta bertatik lanak egiten eta lagunekin txat bidez hitz egiten. Hori dela eta, etxeko gazteenengan pentsatzen, ETB eta Pausoka ekoizpen etxea saio berezi batzuk prestatzen ari dira.

ETBko saio berezi horietan, protagonistek etxetik zer kontatzen duten ikusi ahal izango da: nolako bizimodua duten, eta ikus-entzuleek abesten entzungo dituzte, eztabaidan, elkarri animoak emanez, eta egoera behar bezala igarotzeko gomendioak partekatuz.

Saio bakoitzak 50 minutu iraungo du. ETBren arabera, «itxialdiaren astuntasuna ahalik eta erarik egokienean igarotzeko asmoz» sortu dute programa.

Xabier Zabaleta Go!azen-eko gidoilari eta ekoizleak azaldu duenez, itxialdia iritsi zenean pentsatu zuten haurrentzako «eduki berezi bat sortzea» Go!azen-eko aktoreekin. «Asmoa da etxeko gazteenentzat entretenimendua sortzea. Ikusleei erakutsiko diegu telesaileko nolakoak diren pertsonaiek uda eta uda artean bizi izan dituzten gorabeherak. Istorioen jarraipen bat dago, eta etorriko direnen aurkezpen bat ere egongo da».

Aholkuak itxialdirako

Pertsonaien askotariko galderei erantzuten saiatuko dira programa berezietan: Nola dabil Eneko Manchesterren (Erresuma Batua)? Lortu al du Maddik gainerakoen konfiantza? Eta Igor, bakarrik jarraitzen al du Igorrek? Nola daramate Sarak eta Aimarrek elkarren arteko maitasun harremana? Bitxikeria gisa, Junek eta Danelek youtuber bihurtzeko ideia izango dute. Haien lehen saialdiak ikusi ahalko dira Go!azen etxean programan.

Saio berezietan, halaber, neska-mutikoek itxialdia pasatzeko aholkuak emango dituzte, «modu dibertigarrian eta pertsonaien ikuspegitik». Pertsonaiek abesti batzuk ere kantatuko dituzte —gehienak telesailean bertan aurreko denboraldian abestu zituztenak—. «Pertsonaiek, zenbaitetan, taldeka hitz egingo dute, eta, beste batzuetan, binaka edo hirunaka», iragarri du Zabaletak.

Ezustekoak ere izango dira saio berezietan, eta aurreko denboraldietako pertsonaiaren bat azalduko dela nabarmendu du Pausokako gidoilari eta ekoizleak. «Aktore guztiek ikusi dute garrantzitsua dela beren ekarpena horrelako egoera batean».

Telesailaren zazpigarren denboraldia udan grabatzeko asmoa dute Pausokak eta ETBk. Trama berrien aurrerapen txiki bat egingo dute egunotako saioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.