Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean banatu dituzte gaur goizean Tokikom sariak. Goiatz Arana kazetariak aurkeztu du ekitaldia, eta hiru sari banatu dituzte: azalik onenaren saria Goiena taldeko Puntua aldizkariari eman diote; edukirik onenaren saria, Aiaraldeari; eta ikus-entzunezko lanik onena, Antxeta Irratiari. Sari horietaz gain, aipamen berezia egin diote Goienaren Podcast gela egitasmoari.
Keinu hizkuntza izenburudun azalarengatik saritu dute Puntua aldizkaria (Gipuzkoa). Epaimahaiak nabarmendu du azal horrek «oso modu bisual eta indartsuan» erakusten duela «gorren komunitateak eskatzen duen ofizialtasuna». Gaineratu dute «ideia eta irudia oso iradokitzaileak» direla, eta zer pentsatua ematen dutela.

Edukirik onenaren saria, bestalde, Aiaraldea hedabidearentzat (Araba) izan da, Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bihurtzen denean erreportajearengatik. Suizidioaren gaia da erreportaje horren ardatza. Epaimahaiaren arabera, lan «mamitsua» da, «eta kazetariaren esperientziatik abiatzen da erreportajeak egiteko modu aberasgarria aplikatzeko». 1990eko hamarkadaren amaierako benetako kasu bat da Jesus Garcia Ferreirorena. Haren inguruko pertsonen, tokiko elkarteen, ikastetxeen eta adituen adierazpenak uztartzen ditu erreportajeak. «Ibilbide interesgarri eta erakargarria osatzen du: esperientzia pertsonaletik hasi, eta suizidioaren errealitate orokorrera», gaineratu du epaimahaiak.
Ikus-entzunezko onenaren saria Euskal Irratietako Antxeta Irratiarentzat (Txingudi eskualdea) izan da. Lodifobiaren aurkako ahotsak elkarrizketa sortagatik saritu dute irrati hori. «Jende askorentzat eguneroko arazoa den eta gehienontzat oharkabean pasatzen den bazterketa mota bat argitara ateratzeko ahalegina» saritu du epaimahaiak. Era berean, «elkarrizketatzailearen lan bikaina» nabarmendu dute epaimahaiko kideek. Honako ezaugarri hauek nabarmendu dizkiote elkarrizketatzailearen lanari: «Berez oso gordinak diren bizipenak dramatismoan jausi gabe eta patxadaz adierazi ditu, egoera biolentoak lasaitasun giroan transmitituz, enpatiaz eta gertutasunez».
Goiena taldearen Podcast gela egitasmoari dagokionez, «parte hartzea eta herri mailako sarea ehuntzeko ekinaldia» dela azpimarratu dute epaimahaikideek, eta parte hartze zuzena bultzatzen duela inguruko erakundeen, elkarteen eta eragileen artean. «Gai eta forma aldetik ere aniztasunaren aldeko apustu ausarta egin du: audio eta bideo podcastak, zinemaz, historiaz, kulturartekotasunaz, politikaz, musikaz, literaturaz eta abar».
Bederatzigarren urtez banatu dituzte Tokikom sariak. Sariak ematearekin batera, adimen artifiziala kazetaritzan eragiten ari den aldaketez hausnartu dute Aretxabaletan.