Zibergela

Google Drive: 5 GB dohainik hodeian, Googleren partez

Googlek jada hodeian fitxategiak ostatatzeko zerbitzua eskaintzen du. Google Drive du izena, eta 5GBko lekua eskaintzen du, doan. Ordainduta, 16TBera irits daiteke.

2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Zalantzarik gabe, aurreko asteko albiste teknologikoa Google Drive zerbitzuaren kaleratzea izan da. Badira aste batzuk Interneten, blogetan eta sare sozialetan Googlek Drive zerbitzua aterako zuen zurrumurrua zebilela. Jakina zen Google Drive hori hodeian, hau da, Interneten fitxategiak ostatatzeko zerbitzua zela. Zurrumurrua zabaldu zenetik, Interneteko erabiltzaile asko zerbitzua zertan zetzan ikusteko irrikaz zeuden. Azkenik, apirilaren 24an abiarazi zuen Googlek proiektu berria. Alabaina, Internet erabiltzaileen etsipenerako ez du ezer berririk ekartzen merkatuan dauden antzeko proiektuekin alderatuta. Ezta leku gehiegi ere: 5GB baino ez. Beraz, Googleren proiektuaren lehiakide zuzenak, Dropbox (http://www.dropbox.com), Sky Drive (https://skydrive.live.com/) eta Ubuntu One (https://one. ubuntu.com/) zerbitzuak, lasai egon daitezke oraingoz.

Lekua

Google Drivek 5GB eskaintzen ditu dohainik. Hala ere, leku hori gutxiegi izan daiteke kontuan hartuz Gmailek leku gehiago eskaintzen duela, 10GB. Hori bai, ordainduta 16TBera irits daiteke. Hala ere, Google Driven prezioak lehiakideenak baino garestiagoak dira. Esaterako, 100GBeko lekua edukitzeak hilean 4,99$ balioko du. 16TBera iristeak, berriz, 799,99$ hilean.

Bateragarritasunak

Google Drive ondoko nabigatzaileekin da bateragarria: Firefox, MS Internet Explorer, Safari eta Google Chrome. Sistema eragileen aldetik, MS Windows 7, Vista eta XPrekin zein Mac Os X Lion (10.7) eta Snow Leopard (10.6) bertsioekin da bateragarria. Hala ere, Ubuntu eta GNU/Linux sistema eragileetarako oraindik ez dago mahai gaineko bertsiorik, eta, beraz, GNU/Linux erabiltzaileek on line edo sakelako telefonoaren bitartez erabili beharko dute Google Drive, oraingoz behintzat. Chrome OS sistema eragilean, berriz, Google Drive integratuta dator.

Sakelako telefonoekin eta tablet gailuekin ere erabil daiteke Google Drive zerbitzua, baina aplikazio baten bitartez. Aplikazioa Android 2.1 bertsiotik aurrera eta iOS 3.0 bertsiotik aurrera eskuratu ahal izango da.

Dena dela, harrigarria da Gmail zerbitzuan oraindik ez integratuta egotea mezuetan erantsita datozen fitxategiak Google Driven gordetzeko inongo aukerarik.

Google Drive eta Google Docs

Google Docsekin, ordea, guztiz bateragarria da, eta zerbitzu horrekin sinkronizatuta dago. Google Docsen dauden dokumentu eta fitxategi guztiak Google Driven ere egongo dira, eta alderantziz. Google Drivetik, gainera, on line dokumentuak ere sortu ahal dira, Google Docsen bezala. Google Docsen editorea ere badu. Itxura aldetik ere oso antzekoak dira, Google Drivera lehen aldiz sartzerakoan, Google Docs etortzen da burura berehala. Izan ere, Googleren ideia etorkizunean Google Docs Google Drivekin guztiz ordezkatzea dela dirudi.

Hala bada, Google Docs eta Google Driven arteko ezberdintasun nagusia da Google Driven dauden dokumentuak eta fitxategiak hiru eratan kudeatu ahal direla: Internet bidez, http://drive.google.com/ helbidean; ordenagailuan, horretarako Google Drive aplikazioa deskargatu behar da https://tools.google. com/dlpage/drive helbidean; edo sakelako telefonoan, Google Drive aplikazioa instalatu ondoren.

Horrez gain, Google Chrome nabigatzailearekin aplikazio gehigarriak instala daitezke Chrome Web Storetik (https://chrome.google.com/webstore/category/home). Era horretan, fitxategi mota gehiago ireki ahal izango dira Google Driven bitartez, eta zerbitzua indartsuago bilakatuko da.

Google Docsekin alderatuta, beste hobekuntza batzuk ere ekartzen ditu Google Drivesek. Adibidez, Google Goggles teknologia erabiltzen du hitz gakoen bitartez irudiak bilatzeko. Era berean, Google Plusen argitara daitezke Google Drivesera igotako irudiak. Fitxategiak ikusteko orduan bi bista eskaintzen dira orain; zerrenda —Google Docs-en eskaintzen den berdina— eta koadrikula, fitxategien aurrebistarekin.

Zerbitzua hainbat hizkuntzatan dago erabilgarri; ez, ordea, euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.