Bigarren ikasturtean diren arren, ETB1eko Gu ta gutarrak saioak laugarren aldiko finala du gaur (21:10). Finalerako txartela bederatzi lagunek dute lortua. Hamar lagunentzako tokia dago final horretan, eta hamargarrena zein den gaur jakingo da. Final horretan erabakiko dute «jatorrenetan jatorrena» nor den, ETBren informazioaren arabera. Finalera iritsi diren partaideek galaz jantzita zeharkatuko dituzte Donostiako kaleak, autobus berezi batean. Enkore musika taldeak lagunduko die bidean, gainera. Miramongo estudioetako platora iristen direnean, lehiakideen senideek eta saioko zaleek finalistei harrera egingo diete estudioetako atarian. Galan izango dira, era berean, Errege magoak.
Beste bi saio berezirekin amaituko dute denboraldia: bihar imitazioak egingo dituzte Zu bai gutartista izenburupean, eta igandean galaren nondik norakoak azalduko dituzte.
Aurreko denboraldian, ikusle datu oso onak izan zituen Gu ta gutarrak saioak 13-24 urte arteko gazteen artean. Denboraldi honetan, datuak txikiagoak izan direla aitortu du Luisma Laboa saioko zuzendariordeak. «Gran hermano-k kalte handia egin digu. Baina Gran hermano amaitu denean, gazte profileko ikusleak hasi dira berriro gure saioa ikusten». Hala nabarmendu du Julen Telleria aurkezleak ere: «Azken bi asteetan, aurreko urteko amaierako datuetara iritsi gara». Irailetik urtarrilera iraun duen denboraldiarekin «oso gustura» dago aurkezlea: «Gusturena egin dudan denboraldia izan da laugarren hau. Jende sanoa topatu dugu, eta joko polita eman dute».
DBH4ko ikasleen lehia
ETBko zuzendaritzak Gu ta gutarrak marka mantendu nahi du, eta, horregatik, izen horren laguntzaz egingo dute hilaren 18tik aurrera institutuen arteko lehia: Gu ta gutarrak high school. DBHko laugarren mailako ikasleek parte hartuko dute saioan, Laboak iragarri duenez. «24 institutu ariko dira lehian Aste Santua bitartean, eta irabazleak ikas bidaiarako dirua eramango du».
Ikastetxe bakoitzetik bost ikaslek parte hartuko dute, eta horiek aukeratzeko probak ere grabatuko dituzte. «Institutuak ezagutu nahi ditugu, nondik nora doazen, eta zentroetan grabatutako bideoak emango ditugu saioan», aurreratu du Laboak. Ikasleek askotariko probak egin beharko dituzte platoan, eta haien arteko laguntza eta elkarbizitza ere baloratuko du epaimahaiak. «Institutu jatorrena aurkitu nahi dugu». Orain arte Gu ta gutarrak-ek zuen reality partea, berriz, desagertu egingo da.
Telleriak aurkeztuko du 15-16 urteko ikasleen lehiaketa. «Erronka berriei ekiteko prest nago». Adin horretako gazteekin lan egina da Telleria, aisialdi taldeko monitore.
'Gu ta gutarrak' saioko finala emango dute gaur
ETB1ek bihar eta igandean emango ditu denboraldiko azken bi atalak.Hilaren 18an 'Gu ta gutarrak high school' hasiko da, institutuen lehia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu