Bilboko Txurdinaga auzoko Kirikiño ikastolan du jatorria Liburuen errepublika txikia podcastak. Danel Abando, Aitziber Iturriaga eta Gaizko Urturi ikastolako hiru irakasle dira, eta, besteak beste, literaturarekiko afizioak batu zituen. Klase eta klase artean, azkenekoz irakurritako liburuez hitz egiten zuten, eta elkarrizketa horiek sareratzeko «nahikoa mami» zutela ikusi zuen Abandok. Hortik sortu zen podcasta, eta horrela definitu du: «Gugan pentsatuz egiten dugu podcasta, gozamenez».
2023an hasi ziren podcasta grabatzen, «modu oso prekarioan», irakaslearen ustez: «Ikastolako zigortuen gelan hasi ginen grabatzen. Ikastolari berari eskatu genion mikrofono bat erosteko. Soinu edizioa eta dena guk egiten genuen, ezagutzarik gabe». Iaz egin zuten salto Bilbo Hiria irratira, jauzi «garrantzitsua», Abandoren iritziz. Gidoia prestatzeaz eta grabatzeaz arduratzen dira irakasleak; irratikoak, berriz, soinu errealizazioaz eta emisio kontuez.
Poesia zati bat edo liburu baten esaldi bat irakurriz hasten dute saioa. Ondoren, azken hilabetean bakoitzak irakurri dituen liburuak zeintzuk izan diren aipatzen dute: «Izan daiteke bat, edo izan daitezke lau». Kanta bat ere sartzen dute, eta pertsona baten ekarpena gehitzen dute, ikasle baten hausnarketaren bat, esaterako. Gaur egun literarioa ere badute saioan; literatur munduko berri nabarmenenak aipatzen dituzte bertan: Durangoko Azoka, mundu mailako idazle bat hil dela, liburu berri bat argitaratu dutela...
«Hasieratik hautu argi bat zegoen: euskara hutsean egingo genuela saioa. Gure ardatza da euskal kulturari arreta jartzea»
DANEL ABANDO Bilbo Hiria irratiko esataria
Hiru ardatzek batzen dituztela azaldu du: literaturak, euskarak eta hezkuntzak. «Literatur podcast bat da, eta hasieratik hautu argi bat zegoen: euskara hutsean egingo genuela saioa. Gure ardatza da euskal kulturari arreta jartzea». Beste hizkuntza batzuetako liburuak ere irakurtzen dituztela esan du, baina euskal egileei eta euskaratuak izan diren liburuei «erreparatzen» dietela.
Podcastaren izena Liburuen errepublika txikia da, eta izen «berezi» horren zergatia azaldu du Abandok: «Mintegi bateratu bat dugu irakasle guztiok, alor ezberdinetako irakasleok. Arlo bakoitza mahai ezberdinetan eserita dago. Hiru mahai solte daude, eta mahai horietan esertzen gara Gaizko, Aitziber eta hirurok. Beraz, mahai horien aldeari errepublika txikia deitzen diogu. Eta gure adiskidetasuna hortik dator, mahai horietan lan egiten dugulako».
Euskal literatur panorama
Euskal literatur panorama begiratzeko bi modu daudela uste du Abandok. Bata «ezkorra» da: «Beste hizkuntzekin alderatuta euskaraz oso liburu gutxi argitaratzen dira, eta argitaratzen direnek oso oihartzun txikia dute. Irakurleak behar ditugu, eta euskal literaturan are gehiago. Askok euskarazko eta gaztelerazko bertsioa izanda, gaztelerazkoa irakurtzeko hautua egiten dute».
Baina, aldi berean, euskal literatura «oso bizirik» dagoela azaldu du: «Hizkuntza gutxitu bateko eta herri zapaldu bateko literatura izateko, begirada baikorretik begiratzen diot euskal literatur panoramari. Urtero liburu pila bat argitaratzen dira, egile berriak daude, eta gure izen handiek ere urtero argitaratzen dituzte liburuak. Gainera, gero eta gehiago euskaratzen dira liburuak».
«Hizkuntza gutxitu bateko eta herri zapaldu bateko literatura izateko, begirada baikorretik begiratzen diot euskal literatur panoramari»
DANEL ABANDO Bilbo Hiria irratiko esataria
Proiektuak elikatuz
Literaturarekin lotutako beste proiektu batzuk sartzen saiatzen direla adierazi du irakasleak, eta euskal hedabideak erabiltzen dituzte informazioa biltzeko tresna gisa: «Ikastolan, esaterako, BERRIAko harpidetza dugu; beraz, Kultura saileko gauzak begiratzen ditugu: argitaratutako liburu berriak, idazleei egindako elkarrizketak... Saiatzen gara erakusten gainontzeko hedabideek zer kontatzen duten, ez bakarrik guk zer dugun esateko. Eta horrek elikatzen gaitu podcast moduan». Idazleak eramaten saiatzen direla gehitu du, «sare hori bizirik mantentzeko».
Oraintxe, literatur arloko hainbat proiektu dituzte esku artean, eta laster berritasunak etorriko direla esan du Abandok.