Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (III). Goio Arana. HUHEZI-ko irakaslea

«Gure ikasleak sare sozialetatik sartzen dira hedabideetara»

Hezkuntza prozesuan sare sozialak tresna gisa sartzearen aldekoa da Arana.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
80ko hamarkadan Arrasate Press aldizkarian hasi zen lanean Goio Arana (Arrasate, Gipuzkoa, 1962). Goienkaria-ren diseinuekin hainbat sari jaso zituen, tartean SND erakundearena. Gaur egun ikus-entzunezko komunikazioko graduan eskolak ematen ditu Eskoriatzan, HUHEZIko fakultatean.

Nola gerturatu zinen sare sozialetara?

Lanean ibili naizen tokietan harreman estua egon da teknologiarekin. Goienan teknologia hurbil egon da, eta pauso hurbila izan da.Blogekin hasi nintzen edukiak ekoizten, eta gero pasatu nintzen sare sozialetara.

Euskal komunikazioan sare sozialek aldaketa handiak ekarriko dituztela iruditzen al zaizu?

Bai. Bi bide daude: batetik, komunikabideak daude, eta, bestetik, pertsonak bihurtu dira igorle. Eta sare sozialen bitartez, sarbidea dago edozein komunikabidetara. Esango nuke tresna gero eta garrantzitsuagoak bihurtzen ari direla hedabideentzat.

Ikasleak gaur egun gehiago ikusiko dituzue gailu berriekin paperezko prentsa irakurtzen baino, ezta?

Azkeneko urteetan, ikasleei sartu orduko inkesta bat egiten diegu, teknologiarekin duten harremana jakiteko. Denek dute kontua sare sozialen batean, batez ere, Tuentin. Galdetzen hasi ginenean fotologak zeuden modan, eta orain ez. Sare sozialetatik sartzen dira gero komunikabideen webguneetara. Paperarekin, aldiz, ez dut inor ikusten.

Nola bereiziko zenituzke Tuenti, Facebook eta Twitter?

Ikasleak Twitterren kontua irekitzen ari dira fakultatean, guk bultzatuta. Beraiek Tuentirekin datoz. Progresio bat dago, eta Tuentitik gero Facebookera doaz. Taberna moduan hartzen dute. Twitter hori bada, baina gehiago ere bai, informazioa eskuratzeko eta zabaltzeko aproposa baita.

Donostian Deustuko Unibertsitateko campusean egindako mahai inguru batean, Luistxo Fernandezek, Hasier Etxeberriak eta Jon Ordoñezek ikasleei gomendatu zieten Interneten lumak erakusteko.

Bai, bakoitzak bere tonua aurkitu behar du Interneten. Twitter, adibidez, oso moldagarria, norberaren gustuen arabera, eta dibertigarria da. Bakoitzak aurkitu egin behar du zer egin nahi duen. Fakultatean, adibidez, ariketa bat egin genuen Steve Jobs hil zenean. Twitterren titular bat eta esteka bat jarri behar zuten. Oso tonu ezberdineko gauzak atera ziren.

Irakasleen artean tresna gisa erabiltzen al dituzue sare sozialak?

Bai. Urtarrilean komunikazio erakundeetan aditu titulua jarriko dugu martxan, tresna hauetan kokatzeko. Master horretan Google+ sare soziala tresna gisa erabiliko dugu, eztabaida toki moduan.

Google+ aipatu duzula, arrakasta izan dezakeela iruditzen al zaizu?

Zirkuluen kontua du ona. Guri ondo etorriko zaigu, irakasle eta ikasleen zirkulu itxia sortuko dugulako. Zirkulu horretan maneiatuko dugu masterra.

Diseinatzaile lanetan hainbat urtez aritu izan zara. Diseinu kontuak ere sare sozialen bitartez aztertzen al dituzu?

Bai, denetarik aztertzen dut Twitterren. Tipografia kontu batzuen berri hor jakiten dut, dagoeneko ez bainaiz hainbeste ibiltzen webgune batetik bestera. Aztertzen dudan jende adituak zer jartzen duen, horren zain egoten naiz.

Sare sozialek ere ekartzen dituzte arriskuak. Esate baterako, datu pertsonalegiak jartzeak arazoak ekar ditzake.

Bai, hezkuntza bat da hori. Nire ustez, eskoletan halako kontuetan ezin da mugarik jarri. Gazteek ikasi behar dute sare sozialak ondo erabiltzen. Etxeetan ere lana egin beharko dute gurasoek. Guraso asko kontu hauetatik oso urrun daude. Eskola batzuetan ere hala da, eta egin beharko litzatekeena da hezkuntza prozesuan integratu tresna moduan. Edonola ere, kontu apur batekin ibilita, sare sozialen abantailak askoz handiagoak dira desabantailak baino.

Umorerako tartea ere hartzen duzu zuk batzuetan Twitter-en. Hitzokei delako hitz-jokoak jarri izan dituzu.

Twitter informazio iturri garrantzitsua da, erosoa eta haren indargune bat ondo pasatzea da. Idatzi ditudan hitzokei horien artean azkenekoa ostegun gauekoada; «ETA KITO»: erakundea armatuaren azken komunikatuaren laburpena (2011-10-20)».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.