Gure Irratia egoera ekonomiko larrian da, eta diru biltze kanpaina abiatuko du

«Arriskuan» da Lapurdiko euskarazko irratia, eta entzuleen komunitateari dei egin dio proiektuak aitzina egin dezan lagun dezan. 40.000 euroko egiturazko defizita estaltzera iritsi nahi dute.

Forestier, Idoate eta Camblong, Gure Irratiaren sostengu kanpainaren aurkezpenean. PATXI BELTZAIZ
Forestier, Idoate eta Camblong, Gure Irratiaren sostengu kanpainaren aurkezpenean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko urriaren 1a
17:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Deiadar bat da. Entzuleen komunitateari egiten dioten laguntza eskea. Egoera ekonomiko larria bizi du Gure Irratiak, eta dirua biltzeko kanpaina bat abiatu du horri aurre egiteko. Baionan egin duten agerraldian azaldu dute 40.000 euroko egiturazko defizita duela irratiak; «arriskuan» dago proiektuaren bideragarritasuna. Azken urteetan, jasotzen dituzten diru laguntza publikoak mendratu diren ber, gastuak emendatu zaizkie. Barne mailako hautsi-mautsiak eginez kiskun-kaskun eutsi diote orain arte, baina ez da nahikoa. Irratia Gira lelopean, Lapurdiko euskarazko irratia babesteko komunitatea sortzera deitu dute

1981ean sortu zen Gure Irratia; euskara hutsean ari zen Lapurdiko lehen irratia izan zen. Gaur egun, hiru langile ditu Gure Irratiak, eta Euskal Irratien federazioko kide da. Olatz Idoate irratiko langile eta administrazio kontseiluko kideak esplikatu du FSER funtsak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak bermatzen dituztela aurrekontuaren hiru laurdenak. «Ez bat ez bestea ez dira emendatu azken urteetan». Alderantziz, irrati libreen funtsa murrizteko borondatea agertu zuen iaz Frantziako Gobernuak, eta EEPren geroa ere kolokan da, aurrekontuaren inguruko negoziazioetan katramilaturik. 

Haatik, irratiaren gastuak emendatu dira azken urteetan. Lan sariak eta horiei doazkien karguak; baina baita alokairua, elektrizitatea, telefono faktura, material teknikoa eta irratiaren egunerokoan ezinbestekoak diren beste hainbat gastu ere. Horrez gain, digitalizazioaren bidean DAB+ sistemaren alde egin du irratiak etorkizunari begira kokatzeko, eta horrek ere gastu gehigarriak ekarri ditu.

Azken urteetan, hainbat ekintza egin dituzte egoera ekonomikoa hobetu nahian. Baionako bestetan Patxondo elkartean aritu ziren lanean, eta irratiko programazioa ere apaldu dute lan urte hasiera honetan, baina proiektuaren etorkizuna ez da bermatua. 

'Zure irratia'

Lapurdiko euskaldun gehienei ezaguna eginen zaie Gure Irratiaren lelo historikoa: Gure Irratia, zure irratia zioen. Euskaldun anitzek bere sentitzen dute proiektua, egunero euskaraz mintzatzen zaien bakarrenetakoa baita. Hala azpimarratu du Marga Forestier irratiko administrazio kontseiluko kideak ere. «Euskara eta kultur aniztasuna biziarazten dituen zutabe nagusietako bat da Lapurdin. Informazio fidagarri eta librearen alde lan egiten du, tokiko informazio zuzena eskaintzen du». Horrez gain, iritzi askatasunaren alde egiten duen ekarpena ere nabarmendu du, beste leku batzuetan entzuten ez diren ahotsei atea irekitzen dielako. 

Irratiko kideek eskerrak eman dizkiete orain arte laguntza eman dieten herritar, herriko etxe eta enpresei. Baina aitzina egin ahal izateko gehiagoren beharra dutela erran dute. Horretarako abiatu dute Irratia Gira kanpaina, Gure Irratiaren akronimoak erabilita hitz jokoa eginez. Entzuleen komunitatea proiektuaren babes bilakatu nahi dute, irratiaren finantzabide iraunkor izan daitezen. «Ahal dutenek ahal bezainbat eman dezatela iraunkorki», laburbildu du Haritza Camblong irratiko administrazio kontseiluko kideak. Emaitzaren truke, eman diruaren %66ko zerga murrizketa eskuratzen ahalko du Frantziako Estatuan zergak ordaintzen dituenak.

Babesle horiekin, irratiaren komunitatea osatzera heldu nahiko lukete. Hilabetero sariak zozkatuko dituzte komunitateko kideen artean, eta Gure Irratiko programazioari eta beste gai batzuei buruzko iritzia emateko aukera ere eskainiko diete. 

Azkenik, herriko etxe eta enpresengana ere joko dute diru emaitzak eskuratzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.