Hala Bedi irratiak bederatzi saio berri ditu

Denboraldi honetan, Gasteizko irrati libreak 27 saio propio ekoitziko ditu. Horietatik 11 euskaraz izango dira. Hala Bedi Bik euskara hutsean emititzen jarraituko du FMko 95.6 frekuentzian.

Hala Bedi irratiaren programazioaren aurkezpena, urriaren 25ean. HALA BEDI
Hala Bedi irratiaren programazioaren aurkezpena, urriaren 25ean. HALA BEDI
urtzi urkizu
2025eko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berrikuntza ugariz josita ekin dio Gasteizko Hala Bedi irratiak denboraldiari. Gainera, antenarekin arazo batzuk izan dituzte azkeneko hilabeteetan, eta ez da izan aukerarik emisio analogikoa ondo entzuteko. Baina Lukon kokatutako antena propioa eskuratu du irrati libreak, eta bertatik emititzen ari dira Gasteizera, Lautadara eta Arabako beste hainbat txokotara. Irratia pizteko deia egin dute, horrenbestez. FMko 107.4 frekuentzian entzun daiteke Hala Bedi; eta euskara hutsezko Hala Bedi Bi, FMko 95.6an.

Programazioari dagokionez, beste bederatzi irratsaio sortu dituzte. Horietako bat Geyago ta hobeto izenekoa da: askotariko gaiak jorratuko dituzte, «modu informalean». Sirenak gara saioa, berriz, proposamen berezia da: musika eta politika uztartu nahi dituztenentzat egin dute. Aktualitatea, solasaldiak eta «etsaiaren sirenak baino altuago» entzutea nahiko lituzketen albisteak emitituko dituzte. 

Historiako gaiei buruzko solasaldi bat ere entzun ahalko da ikasturte honetan Hala Bedi irratian: Zaharrak Berri. Iraganeko bitxikeriak berreskuratuko dituzte saio horretan.

Sukaldeko errezeten inguruko programa bat ere izango da: Ezinezko errezeten bila. «Irudizko sukalde goxo batean girotuta egongo da saioa, eta gai interesgarrien inguruan ere hausnartuko dute elkarrizketatuek», iragarri dute Gasteizko irrati libreko kideek.

Bi mexikarren saio bat ere bai

Bestelako nobedadeak ere badakartza Hala Bedik: Galgas saioak ikasketa eta musika uztartuko ditu; Manexak saioak migrazioak izango ditu jomugan, munduko musiken laguntzaz; ElectrĂ³nica social saioak zuzeneko musika emanaldiak emango ditu bi astean behin; Dando la Latam saioak, berriz, Latinoamerikako musika mugimendu alternatiboak eramango ditu uhinetara.

Hala Bedik, halaber, Pleitos de doñas saioa emango du denboraldi honetan. Gasteizen bizi diren Mexikoko bi emakumek gidatuko dute. «Txutxu-mutxuak, politika, musika eta pop kultura landuko dute. Umorea eta jakin-mina begirada kritiko, feminista eta antirrazista batekin uztartuko dituzte».

Barro saio berrian, bestalde, askotariko gaietan sakonduko dute, «lohian murgiltzeko». Lehen atala grafitiari buruzkoa izango da.

Hala Bedi Bi irratiari dagokionez, euskara hutsezko eskaintzari eutsiko diote. Batetik, Gasteizen bertan euskaraz ekoizten dituzten saioak entzun ahalko dira. Eta, bestetik, Arrosa irrati sareko hainbat saio emango dituzte. Irratiko kideek parte hartzera animatu dituzte herritarrak. «Saio berriak beti dira ongietorriak».

Aurten, Hala Bedi, zure espazioa kanpaina ere abiarazi du irrati libreak, «jende berria erakartzeko». «Nahi duen edonor garaiz dago Hala Bedira hurbildu eta nahi duen esparruan parte hartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.