Hala Bedik denboraldi berriko programazioa aurkeztuko du gaur

Sasoiari hasiera emateko eta 40. urteurrena ospatzeko jaia egingo dute, Gasteizen.

Hala Bedi irratiak denboraldi berria aurkeztu du
Hala Bediren, gaztetxearen eta Sumendiren ehungarren urtebetetze ekitaldia, Gasteizko jaietan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Ehun urte bete ditu aurten Hala Bedi Arabako komunikabide libreak, eta berrogei bete ditu, zehazki, irratiak. Programazioa urtero aldatzen duten arren, diskurtso orokortuekin talka egiten duten saioak egiten ditu gehienbat entzunezko komunikabideak. Gaur, 2023-2024ko denboraldiko programazioa aurkeztuko dute, eta, horrekin batera, irratiaren urteurrena ospatzeko jaiari hasiera emango diote Gasteizko Aiztogile kaleko Hala Bedi tabernan, 11:00etan.

40 urte gure patatik zuenera lelopean egingo dute festa, eta kazetaritza independente baten beharra aldarrikatuko dute. «Komunikabide libreak behar-beharrezkoak direla erakusten digu egunero errealitateak; horregatik, gure lanarekin jarraitzeko, beharretik eta ilusiotik ekiten dugu». Festara joango direnek aukera izango dute zenbait programa berri zuzenean entzuteko eta esatarietako batzuk ezagutzeko.

Suelta la olla, Zebrabidea eta Hizpidea magazinez gain, propio ekoitzitako beste 33 saio emango ditu kateak. Horietatik hemeretzi gaztelerazkoak izango dira, euskarazko hamahiru emango dituzte, eta galegoz ere egongo da bat. Arrosa Irrati Sareari esker, gainera, beste irrati batzuek sortutako hamar programa ere emango ditu Hala Bedik.

Euskarazko eta gaztelerazko dialetan entzun ahalko ditu publikoak irratsaioak, baita irratiko webgunean ere.

Eskaintza berria

Ogi beltza, aRabazan ala ez bazan, Besos txao eta Tarteka dira eskaintza berrietako lau. Elkarrizketa eta monologoen bitartez, «orainaldi ilunari mamia ateratzen» saiatuko dira lehenengo saio horren partaideak.

Ahozkotasunaren inguruko irratsaioa da aRabazan ala ez bazan. Arabako kontalariak batuko dira saio horretan, eta ipuinetako sinbologiaz, narratzeko arteaz eta bizitako esperientziez mintzatuko dira. «Galdera pila bat» eginez, gertuko istorioak eta hausnarketak sortu nahi dituzte protagonistek.

33 saio emango ditu Hala Bedi irratiak; hamahiru euskarazko saioak izango dira, eta bat galegoz egingo dute.

Ertzetako literatura eztabaidagai bihurtzeko helburua du Besos Txao programak. Guztientzako komunikabide bihurtu nahi dute esatariek irratia, eta, horretarako, «mamarratxeoa» izango dute tresna nagusi.

Azkenik, kulturari helduko dio Tarteka-k, eta arte garaikidearen inguruan hitz egingo dute saio horretan. Horrez gain, sortzaile ezagunei ere egingo dizkiete elkarrizketak.

100 urte, bakarrik ezin da kanpainaren harira antolatu dituzte gaurko aurkezpena eta jaia. Gasteizko okupazio eta autogestio mugimenduek antolatu dute, eta 20:00etatik aurrera kontzertuak izango dira gaur, gaztetxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.