Hamaika telebistak 'Euskaltzale' saioa estreinatuko du bihar gauean

Euskarari eta Nafarroako komunitate euskaldunari buruzko gaiak landuko dituzte hogei astez

Anabel Arraizak aurkeztuko du Euskaltzale saio berria. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Hamaika telebistak Euskaltzale saioa estreinatuko du bihar, 21:00etan. Hogei ataletan, euskararen eta Nafarroako komunitate euskaldunaren inguruko gaiak aztertuko dituzte, Anabel Arraiza aurkezlearen eskutik —telebistarako egin zituen azkeneko lanak Nafar Telebistako emankizun berezi batzuk izan ziren, 2015eko udazkenean—. Nafarroako herritar orori zuzenduko zaio saioa, baina, bereziki, euskaraz bizi nahi duten euskaldunei eta euskaltzaleei lekua egingo dien saioa izango da.

Iñaki Lasa programako zuzendariak iragarri du ez dutela betiko argazkian gelditu nahi: «Ihes egin nahi dugu ohiko narrazio deskribatzailetik. Ikusleari azaldu behar zaio Nafarroan euskararen egoera zertan den, baina hortik harago jo nahi dugu». Galderak, irtenbideak eta proposamenak aurkeztuko dituzte saioan. «120 elkarrizketa egin ditugu saiorako, eta ikuspuntu ezberdinak azalduko dira. Era berean, itaunduko da ea zer egin beharko genukeen herritarrok, zer administrazioak, zer sindikatuek eta zer alderdi politikoek egoera hobetzeko. Saioan funtsezkoa izango da irtenbideak eskaintzea». Euskaltzale saioan, gainera, herritarrek eurek euskararen egoera nola sentitzen duten azalduko dute. «Herritarren proposamenak ere entzungo ditugu. Horrek ukitu berezia emango dio saioari».

Saio bakoitzean elkarrizketak eta erreportaje laburrak uztartuko dituzte, egoera erakutsi eta horren inguruko hausnarketa egiteko.

Hamaika telebistako Iruñeko erredakzioko kazetariek euskararen egoerarekin eta sustapenarekin harremana duten gaiak eta egitasmoak landuko dituzte. Erakunde publikoen edo pribatuen ekimenetik sortutako egitasmoak izan daitezke horiek, eta, era berean, adituak, eragileetako ordezkariak eta herritarrak azalduko dira euskararen mesedetan zer lan egiten duten erakusten.

Aste bakoitzean gai bat landuko dute. Biharko estreinaldian, arnasguneak izango dira protagonista. «Arnasguneetan zertan ari diren, euskaraz bizitzeko zer zailtasun dituzten eta zer arrisku dauden aztertuko da», iragarri du Lasak. «Adibidez, Aroztegiko egitasmoaren gaia landuko dugu Baztango alkatearekin».

'Harrobia'-ren itzulera

Euskaltzale estreinatzeaz gain, Hamaikak astelehenean Harrobia kirol saioaren denboraldiari ekingo dio (22:00). Aurreko urtean bezala, Beñat Zarrabeitiak aurkeztuko du programa. Eduki nagusia gizonezkoen eta emakumezkoen Espainiako lehen mailako futbol taldeen partiden analisia izango da. Dena den, Bigarren mailan Osasunak egiten duena ere aztertuko dute, eta Gainbegirada atal berrian Bigarren B mailako hamahiru euskal taldeen berri emango dute. Nazioarteko futbolari ere emango diote gainbegiratua. Programaren dekorazioa, grafismoa eta sintonia berriak izango dira. Gainera, beste kirol batzuek ere tartea izango dute. Zarrabeitiak iragarri duenez, txirrindularitzak aurten eman duena aztertuko dute, eta NBAko denboraldi hasieraren inguruko mahai inguru bat egingo dute. Elkarrizketetan ere, futbolariengan ez ezik, beste kirolari batzuengan ere jarriko dute arreta. «Aurten, beste buelta bat eman nahi izan diogu saioari, irudi aldetik eta edukiei dagokienez ere bai», esan du programako aurkezleak. «Iritzia, analisia eta gaurkotasuna partekatzeaz gain, kirolarekin lotutako osagai sozialak aztertuko ditugu. Bitxikeriek ere izango dute tartea».

Biharko gonbidatuak Rayco Sanchez eta Asier Laraudogoitia izango dira. Ainhoa Munarriz eta Kerman Garralda analisiak egiten ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.