Hamaikak 'Bideak' dokumentala estreinatuko du gaur

Aritz Ganboa artzainak Nafarroako mendietan barrena egindako bidea erakusten da lan horretan. Hamaikaren webgunean ere ikusi ahalko da dokumentala.

Aritz Ganboa da 'Bideak' dokumentaleko protagonista. HAMAIKA
Aritz Ganboa da 'Bideak' dokumentaleko protagonista. HAMAIKA
urtzi urkizu
2026ko ekainaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aritz Ganboa Arruazuko artzaina (Iruñea, 1979) ezagun egin da azken urteetan euskarazko telebista kateetako ikus-entzuleentzat. Makina bat kolaborazio egin ditu. Bideak dokumentalean, berriz, Nafarroako mendietan barrena egindako erronka batean buru-belarri ageri da. Hamaika telebistak gaur estreinatuko du Bideak, 22:00etan —Hamaikaren webgunean ere ikusi ahalko da—.

Bere arbasoen herriak lotzeko erronkan murgilduko da Ganboa, gazta bat daramala: Sakanako Arruazutik Erronkariko Izabarainoko bidea egingo du: 170 kilometro eta 9.000 metroko desnibel positiboa. «Bidean jentil harriak, mugarriak, mugak eta sasi mugak zeharkatuko ditu Ganboak», iragarri du Hamaikak. «Ohartuko da jentilen garaitik gaur egunera arte ardien begirada han izan dela horiei so, eta begirada horien ispilu, artzainak eta artzain herria». Artzaintza ardatz hartuta, helburu bera duten hamaika ahots eta lekukotza jasoko ditu Ganboak ibilbidean: landa eremua eta kultura balioestea, eta landa eremu bizi bat aldarrikatzea, hiriaren eta landa eremuaren arteko zubiak eraikita.

Bideak dokumentala
'Bideak' dokumentaleko irudi bat. HAMAIKA 

Irailean, 'Mugari begira' saioa

Arruazutik Izabarako bidea, dena dela, ez da soilik dokumental batean jasoa geldituko. Irailaren 8tik aurrera, Ganboak Mugari begira saioa gidatuko du Hamaikan. Mugaz muga, 11 egunean 11 etapa egingo ditu artzain nafarrak, herri lurretako natur ondasunak, herri jakintza eta gaitasuna erabiliz. Programa horretan, Ganboak Aralarko pagoz egindako bizikleta bat eta arraunak izango ditu baliabide nagusi. Hamaikak iragarri duenez, askotariko istorioak eta gogoetak bilduko ditu. «Eta hainbat bizipen kontatuko dituzten eta lekukotza emango duten protagonisten bila arituko da. Besteak beste, lurraldetasuna, kontrabandoa, kultur ondarea, hizkuntza, gobernantza eta hezkuntza gaiak landuko dituzte ataletan».

Abuztuko lehen hamabostaldian, Hamaikak Ganboaren erronkaren berri emango du Interneteko sare sozialetan. Irailetik aurrera, berriz, Hamaikaren seinalean izango dira ikusgai Mugari begira saioaren hamasei atalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA