«Erabaki mingarria da guretzat. Azken urteotan Araban presentzia fisikoa izatea erabaki estrategikoa izan da Hamaikarentzat, euskararen normalizazioan, lurralde orekan eta Arabako errealitatea gertutik ezagutzeko eta kontatzeko egin dugun apustuaren barruan». Datorren astean Gasteizko egoitza itxiko du Hamaikak, eta hala esan du Ainhoa Jauregi Hamaika telebistako zuzendariak. «Egungo egoera ekonomikoak neurri hori hartzera behartu gaitu». Baina euskarazko telebista kateak komunikazio proiektuarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Jauregik ohartarazi du Gasteizko egoitzaren itxiera ez dela gertakari bakan bat. «Azken urteotan, hainbat euskal hedabidek jarduera murriztu behar izan dute edo desagertu egin dira». Beste proiektu asko egoera ekonomiko zailean daude. «Hamaikaren egoera ez da salbuespena; euskarazko komunikazio sistemak dituen ahulgune estrukturalen erakusgarri ere bada», adierazi du Jauregik —bi urte dira Hamaikaren zuzendari ardura duela—. «Ezin dugu ezkutatu gertatzen ari denak kezka eragiten digula. Ez Hamaikaren etorkizunagatik bakarrik, baita euskal komunikazio sistemaren osasunagatik ere».
Komunikazioaren sektorea «eraldaketa sakonean» murgilduta dagoela adierazi du Jauregik. «Kontsumo ohiturak aldatu egin dira, plataforma digital berriak nagusitu dira, publizitatearen merkatuaren zati handi bat nazioarteko eragileen esku geratu da eta adimen artifizialak beste erronka batzuk gehitu dizkio sektoreari». Testuinguru horretan, euskarazko hedabideak etengabe berritzen ari dira. «Baina baliabide ekonomiko oso mugatuak dituzte», ohartarazi du Hamaikako zuzendariak.
«Euskal hedabideak ez dira komunikazio enpresa hutsak. Herri honen azpiegitura sozial, kultural eta linguistikoaren parte dira»
AINHOA JAUREGI Hamaika Telebistako zuzendaria
Jauregiren arabera, beharrezkoa da gogoratzea euskarazko komunikabideen balioa ezin dela soilik irizpide ekonomikoen arabera neurtu. «Euskal hedabideon errealitatea da finantzaketa gero eta zailagoa dela. Merkatu txiki batean jarduten dugu, publizitatearen zati gero eta handiagoa plataforma globaletara bideratzen da, eta euskarazko eduki profesionalak sortzeko behar diren baliabideak ez dira txikiagoak beste hizkuntza batzuetan baino. Horren ondorioz, ezin da euskarazko komunikazio proiektu baten ekarpena bere errentagarritasun ekonomikoaren arabera bakarrik baloratu».
Hausnarketa bateratu baten beharra
Teknologia berriek informazioa sortzeko eta zabaltzeko beste aukera batzuk eskaini dituzten arren, kazetaritzaren balioa ez da gutxitu, Jauregik nabarmendu duenez. «Kontrakoa gertatu da. Desinformazioaren, informazio gehiegikeriaren eta eduki automatizatuen garaian, kazetarien lana inoiz baino garrantzitsuagoa da». Euskarazko hedabideetan profesionalak gertatzen dena kontrastatzen, testuinguruan jartzen eta herritarrei kalitatezko informazioa eskaintzen ari direla azaldu du Hamaikako arduradunak. «Horixe da hedabide baten benetako balioa».
Era berean, Jauregik azpimarratu du euskarazko komunikabideek «funtsezko ekarpena» egiten diotela hizkuntzaren normalizazioari. «Euskararen erabilera eremuak sortzen dituzte, hizkuntzari prestigioa ematen diote eta herritarrei informazioa, entretenimendua, kultura eta eztabaida publikoa euskaraz jasotzeko aukera eskaintzen diete». Mezu argia eman du Hamaikako zuzendariak: «Hizkuntza batek ez du bizirik irauten hezkuntzaren bidez bakarrik; egunero erabiltzeko eremuak ere behar ditu, eta hedabideok eremu horiek sortzen ditugu egunero».

Euskal hedabideek «balio demokratiko handia» dutela ere aipatu du Jauregik. «Tokiko errealitatea lantzen dute, gertuko eragileei ahotsa ematen diete eta herritarren kezkei arreta eskaintzen diete. Informazioa gero eta zentralizatuago dagoen garai honetan, euskal komunikabideek gertuko begirada eta ikuspegi propioa eskaintzen dituzte, eta gure herriaren errealitatea euskaratik kontatu». Horrek guztiak badu bere garrantzia. «Euskal hedabideak ez dira komunikazio enpresa hutsak. Herri honen azpiegitura sozial, kultural eta linguistikoaren parte dira. Euskararen biziberritzean, kultur transmisioan, kohesio sozialean eta informazioaren demokratizazioan egiten duten ekarpena estrategikoa da».
Eta egoera horrek guztiak hausnarketa bateratua eskatzen duela uste du Jauregik. «Hedabideok berritzen eta eraldatzen jarraitu behar dugu, baina gizarteak eta erakunde publikoek ere hausnartu behar dute zer leku eman nahi dioten euskarazko komunikazioari etorkizunean. Euskararen etorkizuna eta euskararen komunikazio sistema sendo baten existentzia lotuta daude».
«Hamaikak lanean jarraituko du euskarazko komunikazioaren alde, gertuko informazioaren alde eta herri honen ikuspegitik eraikitako komunikazio esparru baten alde»
AINHOA JAUREGI Hamaika Telebistako zuzendaria
Gasteizko egoitzaren itxierak galdera bat uzten du mahai gainean, Hamaikako ordezkariaren arabera: «Zenbateko garrantzia ematen diogu euskaraz informatzeko eta gure errealitatea euskaratik kontatzeko dugun gaitasunari? Galdera horri emango diogun erantzunak baldintzatuko du neurri handi batean etorkizuneko euskal hedabideen eta euskararen beraren osasuna».
Hamaikaren proiektuan buru-belarri ari dira hainbat langile. Eta Jauregik argi utzi du ez dutela etsiko. «Hamaikak lanean jarraituko du euskarazko komunikazioaren alde, gertuko informazioaren alde eta herri honen ikuspegitik eraikitako komunikazio esparru baten alde».
Azkenik, beste mezu bat eman du herri ekimenez sortutako euskarazko kateak. «Euskal hedabideak ez dira gastu bat; herri gisa egiten ditugun inbertsio estrategiko bat dira».