UEU Udako Euskal Unibertsitateak bideopodcast bat sortu zuen 2023ko azaroan, euskal ikertzaile gazteei ahotsa emateko: Ikerl(h)ari. Hirugarren denboraldia estreinatu zuten udazkenean, eta lehenengo aldiz bideopodcast ibiltaria izan zen: Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Baionan egin zituzten grabaketak. Bihartik aurrera, berriz, Hamaika telebistan ere ikusi ahal izango da. Otsaileko ostegunetan emango dituzte hirugarren denboraldiko atalak, 12:00etan eta 18:30ean.
Atal bakoitzean gai jakin bat lantzen dute. Bihar Hamaikan ikusi ahalko den atala diziplinartekotasunari buruzkoa da; hilaren 12koa, motibazioaren ingurukoa; hilaren 19koak Begiradak du izenburutzat; eta 26koak, Bidegurutzeak.
Ikerlari gazteen eguneroko erronkak eta ikerketaren inguruko gai nagusiak jartzen ditu mahai gainean UEUk bideopodcast horretan. Atalak 60 minutu ingurukoak dira. Solasaldi formatuan, hainbat diziplinatako ekintzaileen begiradak eta ahotsak biltzen dituzte.
Saioaren aurkezlea Eider Saragueta Hezkuntza Zientzietako doktorea da. Bideopodcasta Bira Produkzioak ekoiztetxearen eta IN estudioaren laguntzarekin egindako proiektu bat da. Lehen bi denboraldietako atal guztiak UEUren webgunean ikus daitezke.