Hamaikak 'Jauzi bat, bide bera' saioa estreinatuko du igandean

Beste saio bat ere hasiko dira ematen gaur euskarazko katean: 'Gazteluko plaza'.

'Jauzi bat, bide bera' saio berria. HAMAIKA
'Jauzi bat, bide bera' saio berria. HAMAIKA
urtzi urkizu
2026ko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bat ez, baizik eta bi programa estreinatuko ditu aste honetan Hamaika Telebistak: gaur gauean hasiko dira Gazteluko plaza aktualitate saioa ematen. Etzi, berriz, Jauzi bat, bide bera saioa estreinatuko dute, belaunaldien arteko topaketetan ardaztua.

Euskarazko telebista kate horren denboraldiko apustutako bat izango da Jauzi bat, bide bera. Saio horretan, belaunaldi ezberdinetako lagunak elkartuko dituzte kameren aurrean. Haien bitartez, iragana, oraina eta etorkizuna jarriko dituzte elkarrizketan. «Solasaldien bidez, gazteek eta helduek euren esperientziak, oroitzapenak eta gaur egungo begiradak azalduko dizkiote elkarri, eta, hala, elkarren arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak azaleratu», iragarri dute Hamaika Telebistako ordezkariek. «Komunitateak eta protagonistak ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek hilean behin». Hortaz, oraingoz, hilean atal berri bat emango du kateak. Internet bidez ere izango da ikusteko modua, www.hamaika.eus webgunean.

Aurreneko atalean, Donostiako Ur Kirolak arraun elkarteko bi lagun izango dira protagonistak. «Arraunaren inguruan sortutako komunitatera gerturatuko da saioa, eta, kideen eskutik, kirolaren, aisialdiaren eta arraunaren inguruko esperientziak ezagutuko dituzte ikus-entzuleek». Estreinaldia, beraz, igande honetan izango da, 20:30ean.

Nafarroako asteko aktualitatea

Gaur, berriz,Gazteluko plaza aktualitate gaiei buruzko programa estreinatuko du Hamaikak, 22:00etan. «Nafarroako aktualitatea beste ikuspegi batetik aztertuko duen magazin berria izango da». Askotariko gaiak landuko dituzte: Nafarroako errealitate sozial, politiko eta ekonomikoa aztertuko dute, eta kultur gaiei heldu. Horretarako, erreportajeak, analisiak eta herritarren lekukotzak uztartuko dituzte Gazteluko plaza saioan. Hamaikak iragarri duenez, «ikuspegi askotarikoak» bilduko dituzte, eta aktualitatean puri-purian diren eztabaidak «modu hurbil eta ulergarrian» jorratu. «Nafarroako errealitatea sakonago ezagutzeko tresna izatea da helburua».

Bueltan dira '11 leiho'-ko txokoak

Igandetik aurrera, halaber, Hamaika Telebistak Nafarroako paisaia eta leku ezezagunak hurbilduko dizkio ikus-entzuleari 11 leiho saioan. Atal berrietan, Iruñerriko eta Nafarroa osoko txoko bereziak ezagutzeko aukera emango du Hamaikak. «Telebista mantsoaren alde egiten du Hamaikak saio horren bitartez. Hau da, slow TV formatuaren bidez, paisaiak lasaitasunez eta beste erritmo batean gozatzeko tartea emango die ikus-entzuleei». Leku esanguratsuen inguruko informazioa ere ematen dute programan: kasurako, errepidez egindako bideak ez ezik, zaldi gainean eta piraguaz egindakoak ere erakutsiko ditu saioak. Hilaren 18tik aurrera, igandero emango dute, 15:30ean hasita.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA