Euskarazko komunikabide nagusiek Martxoaren 8aren jarraipen berezia egingo dute igandean. BERRIAk, kasurako, zortzi orriko gehigarri berezi bat argitaratuko du igandean bertan. Egunean zehar egingo diren mobilizazioen berri emango du euskarazko egunkariak webgunean. Hamaika telebistak, bestalde, zuzeneko saio berezi bat emango du igandean, 11:30ean hasita.
Hamaikako lantalde osoa kalean izango da igandean, aldarrikapen eta borroka egunaren giroa zuzenean kontatzeko. Euskal Herriko Mugimendu Feministak eguerdirako Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean deitutako manifestazioetan izango dira Hamaikaren kamerak, eta bertako irudiak eta aldarrikapen nagusiak zabalduko dituzte saio berezi horretan. Herritarren iritziak ere bilduko dituzte Martxoaren 8aren bueltan. Gainera, egun horren bueltako eduki guztiak Hamaika.eus webgunean eta Interneteko sare sozialetan egongo dira eskuragarri.
Zuzeneko saioa lurreko telebista bidez eta kable bitartez ikusteaz gain, Hamaika.eus/zuzenean webgunean ikusi ahalko da, baita Android TBrako aplikazio bidez ere.
EITBko hedabideetan, bestalde, Martxoaren 8aren jarraipen berezia egingo dute egun osoan saioetan eta albistegietan.
TVEn, Lolo Ricori buruzko dokumentala
TVEk programazio berezia prestatu du Martxoaren 8a dela eta. Igandean bertan, La2 kateak Lolo Rico.Los poderes de Lolo dokumentala emango du, 21:00etan. Madrilen jaio arren, Ricok lotura handia izan zuen Euskal Herriarekin. Aitzindaria izan zen Espainiako telebistagintzan. 2019ko urtarrilaren 20an hil zen Rico.
La2 katean, 22:00etan, emakumeei eskainiko diete igande gaueko Al cielo con ella saioa. Bestalde, 23:00etan, Zero dramas programa berria estreinatuko dute.
'llĂ¡mame sinsorga' lana, primeran plataforman hilaren 12an
EITB taldearen Primeran plataformak LlĂ¡mame Sinsorga dokumentala estreinatuko du hilaren 12an. Filmak Bilboko La Sinsorga kulturgune feminista sortzeko eta eraikitzeko lanak biltzen ditu. Hain zuzen ere, eraikina inauguratu aurreko hemezortzi hilabeteetan gertatutakoa jasotzen da dokumentalean. Andrea Momoitio eta Irantzu Varela kazetariak dira protagonista eta zuzendari. Obretarako emakume beharginak kontratatu zituzten, eta «erronka» ere izan zen hura. Iratxe Marian arkitektoa arduratu zen espazioaren diseinuaz, eta Yaisa Dominguez barne diseinatzaileak ere parte hartu zuen proiektuan. Obran aritu ziren, halaber, Beatriz Silva barne diseinatzailea, Rakel Garcia zurgina eta Yulia van der Bom brikolaje arloko langilea. Dokumentalaren zuzendarien arabera, zaila izan zen eraikina eraberritzeko lanen eta dokumentalaren grabazioaren erritmoa bateratzea. La Sinsorgak 2023ko ekainaren 23an ireki zituen ateak. Dokumentala, berriz, iazko azaroan estreinatu zuten Bilboko Zinebi jaialdian.
Â