Hamaikak 'Mugari begira' estreinatuko du hilaren 8an

Aritz Ganboa artzainak gidatuko du saio berria. Euskal Herria zeharkatuko du, bizipen eta lekukotzak kontatuko dituzten protagonisten bila.

Aritz Ganboak aurkeztuko du 'Mugari begira' saioa. HAMAIKA
Aritz Ganboak aurkeztuko du 'Mugari begira' saioa. HAMAIKA
urtzi urkizu
2026ko irailaren 4a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Muga ez da mapan marraztutako lerro soil bat. Baina mugaren harira, herritarrek nola kokatu behar dute beren burua subjektu gisa? Eta nola kokatu dituzte herritarrak objektu gisa? Nork ezarri ditu mugak, eta zertarako? Galdera horiei eta beste askori erantzuten saiatuko dira Hamaika Telebistaren saio berri batean. Irailaren 8an estreinatuko dute Mugari begira. Aritz Ganboa artzainak —ETB1eko Biba zuek! magazinean ere aritu ohi da— aurkeztuko du saio berria, astearte gauetan.

Euskal Herria zeharkatuko du Ganboak. Baina ibilbidea ez da ausazkoa izango; 2019. urtean, Bideak dokumentalean, Arruazutik Izabara (Nafarroa) gazta baten pisua sorbaldan eraman zuen; oraingoan, gazta batek adinako pisua duen bizikleta baten gainean joango da Ganboa batetik bestera. Gaztaren eta bizikletaren loturari egingo diote erreferentzia. Era berean, lotura horretatik abiatuta, mugaren, lurraldearen eta Euskal Herriko baliabideen arteko harremanean sakonduko dute programa berrian.

Saioko gidariak, bidean, hainbat bizipen eta testigantza jasoko ditu. Halakoak kontatuko dizkioten protagonisten bila ibiliko da hara eta hona. Besteak beste, baliabideen kudeaketa eta tokiko subiranotasuna, migrazioa eta elkartasuna, kontrabandoa, euskara eta hezkuntza, eta ikerketa historiko eta kulturala izango dituzte hizpide.

Ganboaren abenturaren nondik norako batzuk Hamaikaren sare sozialetan ikusi ahal izan dira abuztuko lehen hamabostaldian. Orain, ibilbidean zehar jasotako istorio, bizipen eta lekukotzak Mugari begira saioan disfrutatu ahalko dituzte Hamaikaren ikus-entzuleek. Datorren asteartetik aurrera izango da hori. Hamaika.eus/nahieran webgunean ere ikusgai egongo da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA