Hamazazpi hilabeteko bideari amaiera eman dio Nafar Telebistak

Kate elebidunak finantzaketa arazoen eraginez eten ditu emisioak. Nafarroa osoan ikusten zen

Susana Erroz aurkezleak esan zituen Nafar Telebistaren agurreko hitzak, atzo. BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Espero dezagun agur bat ez izatea, baizik eta laster arte moduko bat izatea, eta proiektu hau berriro martxan jartzea. Mila esker guztioi, eta laster arte!». Hitz horiek egin zituen atzo Susana Erroz aurkezleak, Nafar Telebistako langile gehienak alboan zituela. Eta modu horretan eman zioten amaiera hamazazpi hilabeteko ibilbideari. Arazo ekonomikoek eraman dute telebista erabaki hori hartzera.

2015eko maiatzaren 16an ekin zien emisioei lurreko telebista digitalean Nafar Telebistak, Nafarroa osorako. Izan ere, 2013an Nafarroako Gobernuak antolatutako lehiaketan lizentzia bat lortu zuen Abian Komunikazioa enpresak. Pilota partiden amuarekin hasi zuten bidea: lehen emankizuna Olaizola II.aren eta Altuna II.aren arteko buruz buruko txapelketako final laurdenetako lehia izan zen. Gaztelaniaz eta euskaraz hasi zituzten emankizunak. Euskarari eta euskal kulturari garrantzia eman nahi ziotela iragarri zuten sustatzaileek sorreran.

Euskarazko eskaintzan Nafar Telebistak bereziki haur programazioa zuen: marrazki bizidunak, Ene kantak eta bestelako emankizunak. Pilota jaialdiak ere euskaraz ematen zituen, asteburuetan.

Ikusle datu txukunak lortu zituen Nafar Telebistak, CIESen 2016ko udaberriko neurketan: 20.000 ikus-entzule egunero. «Nafarroan telebista kate batek izan duen estreinaldi onena», goraipatu zuen ekainean Iñaki Redinek, kateko zuzendariak.

Nafar Telebistako zuzendariak atzo esan zuen azkeneko hilabeteetan «finantzaketa arazoak» izan dituztela: «Egoerak horretara eraman gaitu». Aurrera begira «zaila» ikusten du itzultzeko aukera. «Baina beharrezkoa da Nafarroan Nafar Telebistaren gisako hedabide bat egotea. Hilabeteotan leku handia izan dugu, oihartzun zabala. Aniztasunaren bandera eraman dugu, eta denek eskertu digute», gaineratu zuen. Sare sozialetan elkartasun mezu asko jaso zituzten atzo Nafar Telebistako kideek. «Eskerrak eman nahi dizkiegu telebistan parte hartu duten Nafarroako alderdi politikoei eta gizarte eragile guztiei», esan zuen Redinek.

Iruñerrirako beste lizentzia bat lortu zuen Abian Komunikazioak, eta Nafar Telebistak abenduan NTB11 katea sortu zuen Hamaikarekin batera. Kate horren emisioak ez dira eten oraindik, baina bertan behera gelditzekotan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.