Kazetaritza eta zuzenbide ikasketak egin zituen Joan Vall Clarak (Calonge, Katalunia, 1958). Enpresa zuzendaritza ere ikasi zuen gero. El Punt egunkariko erredakzioan 1981. urtean hasi zen, kazetari. 1989tik 1992ra kazeta horretako zuzendaria izan zen. El Punt-ek eta Avui-k bat egin eta hurrengo urteetan kudeaketa lanetan aritu zen. 2022an, Xevi Xirgok egunkariko zuzendaritza utzi zuenean, Vall Clarak hartu zuen kargua. Iragarri du 2029. urtean utziko duela zuzendari izateko ardura.
Nola ospatu duzue Avui egunkariaren sorreraren 50. urteurrena?
Omenaldi bat egin diegu sorreran parte hartze ekonomiko bat egin zuten 34.000 lagun haiei. Gogoratu behar da egunkariaren sortzaileak 1970ean hasi zirela lanean: elkarte bat sortu zuten, eta dirua bilduz joan ziren, 1976an egunkaria jaio zen arte. Horrek erakusten du hura ez zela burgesiaren hedabide bat, batzuek esan izan duten moduan; klase sozial guztietako jendea aritu zen laguntzen. Zoritxarrez, lagun haietako gehienak ez daude bizirik.
Toni Cruanyesek zera esan zuen omenaldi hartan: «Egunkaria dugu herria dugulako».
Hala da. Garai hartan gizarte zibilari esker eutsi genion. Joan den astean, kontzertu bat izan genuen, eta 7.000 lagun bildu ziren. Horietako gehienak gure harpidedunak ziren. Kontuan hartu behar da harpidedun batzuek 40-50 urte daramatzatela harpidetuta, eta haiekin festa bat egitea garrantzitsua zen. Urteotan katalanezko egunkari bat egin dugu, kazetaritza mota jakin batean.
Avui-ren sorrerak eta zabalkundeak zer eragin izan zuen katalanaren normalizazioan?
Sekulakoa. Hizkuntza izan zen jende guztia elkartu zuena. 36ko gerraren aurretik bazeuden katalanezko egunkari batzuk, baina frankistek guztiak itxi zituzten. Frankismoan aldizkari batzuk sortuz joan ziren, 1970eko hamarkadan. Eta hauxe da egia: hizkuntza arriskuan dagoela ikusten denean, erreakzioa ikaragarria da. Horregatik sortu zen Avui ere.
2009an bat egin zuten Avui-k eta El Punt-ek. Nolakoa izan zen prozesu hura?
Avui oso egoera zailean zegoen 2000ko hamarkadan. Eta iritsi zen momentu bat non CiU alderdiak ixtearen aldeko apustua egin zuen. Enpresa ordainketak ezin eginda zebilen, eta argi zegoen aldaketa handi bat iritsiko zela. Pasqual Maragallek, Generalitateko presidente izan aurretik, otordu batera gonbita egin eta argi utzi zigun bere asmoa ez zela Avui ixtea. Halako batean, operazio martziano bat iritsi zen: Planeta taldeak, La Vanguardia-k eta Kataluniako Finantza Institutuak enpresa bat sortu zuten, eta bost urtez kudeatu zuten Avui, baina urte horien kudeaketan 32 milioi euroko zorrak pilatu zituzten. Egunkaria ixteko arriskua agertu zen berriro ere. Eta orduan gertatu zen: El Punt-ek Avui erosi zuen.
Geroago, erredakzioek bat egin zuten, ezta?
Lehen asmoa bi egunkariei eustea zen. Baina erosketa haren operazioa 2009ko azaroan gertatu zen, hain justu, krisialdi ekonomikoa bete-betean zela. Handik hiru urtera, bi egunkariek bat egin zuten erabat. Baina hasierako ideia ez zen hori.
Zenbat irakurle dituzue gaur egun?
Paperean 14.000 ale inguru argitaratzen ditugu. Webean 700.000 erabiltzaile inguru dauzkagu, baina nola monetizatzen duzu hori?
Egunkariko mantxetan irakur daiteke: «Diari independent, catalá, comarcal i democrátic» (egunkari independentea, katalana, eskualdekakoa eta demokratikoa). Lau hitz horiek dira zuen lau oinarriak?
El Punt jaio zeneko lau oinarri editorialak dira, eta eutsi egin diegu.
Publizitatearen kontuak nola doaz?
Aurten, urteurrenaren harira, papererako sarrera on batzuk iritsiko dira. Interneten ez dugu fakturazio oso handia izan sekula, eta hortaz, gorabehera handirik ez da. Baina gu ez gara publizitateaz bizi. Gura finantzaketa iturri nagusia harpidedunak dira. Kioskoko erosleen eta harpidedunen ostean, publizitatea dator, eta laugarren hanka diru laguntza publikoena da.
Erretiroa hartzeko adina baduzu. Erabakiren bat hartu al duzu?
Iragarri dut 2029an utziko dudala, El Punt-ek 50 urte betetzen dituenean. Baina lotura ezingo dut guztiz eten, akzioen gehiengoa nirea baita. Oraintxe bertan, egunkariaren berrikuntza prozesuan nabil buru-belarri, eta gustukoa dut parte hori. Beste zuzendari bat arduratzen da erredakzioaren eguneroko lanaz. Iruditzen zait egunkariok bi aukera dauzkagula: berritu ala hil. Berrituta ere, ezin da ziurtatu hilko ez garenik.