Julen Iriondo. Kazetaria eta bizikletazalea

«Harrigarria da zelako abantaila den lanera bizikletaz joatea»

'Gipuzkoa Pedalka' bost ataleko saioa egin du Goiena telebistako aurkezleak, berak bakarrik, bizikleta gaineko garraioaren egoeraz. 'Goiena.eus'-en eta tokiko telebistetan dago ikusgai.

GOIENA TELEBISTA.
Edu Lartzanguren.
2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Duela bi urte, Alpeetako errepideetan ibili zen Julen IriondoGoiena telebistako aurkezlea (Oñati, Gipuzkoa, 1979) bere bi zaletasunak lantzen: kazetaritza eta bizikleta. Berak egin zuen dena: grabatu, aurkeztu, jendea elkarrizketatu eta pedalei eragin.Opor haiek Pedalka telesaio bihurtu zituen. Oraingoan, antzeko formularekin sortu du Gipuzkoa Pedalka saioa.

Zer kontatu nahi duzu Gipuzkoa Pedalka saioaren bidez?

Uztailean bost egunez Gipuzkoan bizikletaz eginiko bidaia kontatzen du saioak. 300 kilometroko ibilbidea, Gipuzkoako paraje ederrak erakusteko eta, bide batez, bizikletaren erabilera bultzatzeko dauden ekimenak: bidegorriak, autoen zirkulazioa lasaitzeko erabakiak, Donostian gazte batzuek bizikletaz abiaturiko Txita mezularitza eta taxi zerbitzua... Horrez gain, txirrindularitzarekin loturiko pertsonaiaren baten bizilekutik igaroz gero, elkarrizketatxoa egin diot. Ez kirol ikuspegia ardatz hartuta, baizik eta bizikleta aisialdirako eta garraio bide gisa. Txomin Perurena, Leire Olaberria [argazkian, Iriondorekin] eta Ainhoa Muruarekin egon naiz.

Zergatik Gipuzkoan?

Denbora mugatua geneukan, astebetetxo, eta etxetik gertu egitea pentsatu genuen. Horrez gain, iruditu zitzaigun Gipuzkoa leku aproposa dela bizikleta bultzatzeko ekimenez aritzeko. Hau da, bazegoela zer ikusi eta zer kontatu. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu egin gaitu. Beste norbaitek interesa badu, jarraitu nahi genuke halako saio gehiago egiten.

Kazetari orkestrarena egin duzu. Ez al dizu eskizofreniarik sortu txirrindulari, gidoigile, aurkezle eta kamerari aritu behar izateak?

Ez, paperean sartzea da kontua, antzerki pixka bat egin behar izaten baita. Eguneroko lanetan ere gero eta gehiago ibiltzen gara kazetariok bakarrik dena egiten, baita kamera aurrekoak ere. Hiru kamera eraman nituen: GoPro bat kaskoan eta beste bat aldamenean. Elkarrizketak-eta grabatzeko, kalitate hobeko bat. Bakarrik joan nintzen, baina harremanak erdi lotuta nituen. Hori ez da zaila izan, presaka eskatu arren, jendeari interesgarria iruditu zaiolako.

Bizikletaren bidezko garraioaz zer ondorio atera duzu?

Nirea ez da azterketa zientifikoa, baina azpiegitura aldetik duela urte batzuk baino hobeto gaudela iruditzen zait, eta ikusten da gero eta jende gehiagok erabiltzen duela bizikleta garraiobide moduan. Hala ikusi dut Tolosan eta Zarautzen. Inpresio ona hartu dut. Beasainen CAF lantegiaren aurrean pasa nintzen irteteko orduan, eta harritu ninduen ikusteak jendeari autoz ateratzea zenbat kostatzen zitzaion, eta bizikletaz joandakoek zelako abantaila zuten, zein erraz eta azkar atera ziren lantokitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.