Hasi dira 'Harry Potter' telesaila filmatzen

Dominic McLaughlin gaztetxoak egingo du Potterrena. Arabella Stantonek egingo du Hermionerena, eta Alastair Stoutek Ronena.

Hermion, Harry eta Ron pertsonaiak jokatuko dituzten aktore gaztetxoak. HBO
Hermion, Harry eta Ron pertsonaiak jokatuko dituzten aktore gaztetxoak. HBO
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 16a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaleko hasierako agurra Harry Potterren doinuan egin zuen Nerea Ibarzabalek 2021ean, eta txapela jantzi zuen urte hartan. Baina ez da Ibarzabal Potterren magiaren eta abenturen zale bakarra Euskal Herrian, eta, 2023ko apirilean HBO Max-ek iragarri zuenetik telesail bat egingo dutela, asko daude zain. Bada, hasi dira telesaila grabatzen. HBOk filmaketen lehen irudia zabaldu du. Baina itxaronaldia ez da laburra izango: 2027. urtean estreinatuko dute Harry Potterren telesaila HBOk eta HBO Max plataformak.

Francesca Gardiner da telesailaren idazlea eta ekoizlea. Mark Mylod, berriz, ekoizle eragilea da, eta hainbat atal zuzenduko ditu. Bronte Film eta Warner Bros Television ari dira fikzioa ekoizten, HBOrekin batera. Heyday Filmseko David Heyman ere ekoizle taldean da, Bronte-ko Neil Blair eta Ruth Kenley-Lettsekin batera.

HBO Max-en 'HARRY POTTER' telesaila filmatzen hasi dira
Dominic McLaughlinek jokatuko du Harry Potterren rola telesailean. HBO

Erresuma Batuko Leavesdengo Warner Brosen estudioetan hasi dira telesaila filmatzen. Aktore taldean, Dominic McLaughlin mutikoak egingo du Harry Potterrena; Arabella Stantonek Hermionerena; eta Alastair Stoutek, Ronena. Gainera, Rory Wilmotek Neville Longbottomen rola jokatuko du; Amos Kitsonek Dudley Dursleyrena; Louise Brealeyk Madam Rolanda Hoochena; eta Anton Lesserrek Garrick Ollivanderrena. Taldean dira, halaber, Katherine Parkinson, Lox Pratt, Leo Earley, Alessia Leoni, Sienna Moosah, Bel Powley, Daniel Rigby eta Bertie Carvel aktoreak.

Telesaila fidela izango zaie J. K. Rowling idazlearen liburuei, eta idazlea bera ekoizle eragileen artean dago. Liburu sortan oinarritutako filmak HBO Max plataforman ikus daitezke.

Nick Frost aktoreak Hagrid pertsonaia jokatuko du 'Harry Potter' telesailean
Nick Frost aktoreak Hagrid pertsonaia jokatuko du 'Harry Potter' telesailean. HBO

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.