Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketa du, eta Bizkaiko hainbat tokitan filmatu dute Infamia gaztelaniazko telesaila: Gorbeiako eta Urkiolako natur parkeak, Enkarterri, Urdaibaiko biosfera, Barrikako flyscha, Orozko, Areatza, Turtzioz eta beste hainbat herri. HBO Max ordainpeko plataformak gaur estreinatuko du fikziozko lana, eta datorren urtean EITBra iritsiko da —ez dute jakinarazi zein plataforma edo katetan—.
Abokatu bat da istorioko protagonista, eta krisi existentzial betean da. Konpondu gabeko auzi batekin tematuta dago: duela hogei urte desagertu ziren bi haur. Susana Abaitua aktoreak jokatzen du abokatu protagonistaren rola. Euskal Herriko aktore ugari daude lantaldean: Ane Gabarain, Kandido Uranga, Jon Olivares, Iñigo Gastesi, Iñigo Azpitarte eta Asier Oruesagasti, besteak beste. Taldean dira Jorge Bosch, Eva Llorch eta Luis Gnecco aktoreak ere.
Musika Aitor Etxebarriarena da. Zuzendari lanetan Agustina Macri eta Betariz Sanchis aritu dira. Muntatze lanetan, berriz, Vicky Lammers. Gidoilari nagusiak Manuel Gancedo eta Eduardo Torallas dira. Eta Eva Cebrian da ekoizle nagusietako bat.

Fikziozko herri batean garatuko da istorioa, Ura izenekoa. Bizkaiko paisaia batzuk ikusiko dira bertan, eta fikziozko herri hori bera garrantzitsua izango da telesailaren istorioan. Ledicia Costas idazlearen izen bereko liburu batean dago oinarrituta.